Bilbao Mendi Filmarekin batu dira Sua eta El Mundo de los Pirineos

CARTEL SUA PATRO OFICIAL

Urteurrenen 2017an hasi dute lankidetza ofiziala Bilbao Mendi Film Festivalak eta Sua Edizioak argitaletxeak eta haren El Mundo de los Pirineos aldizkariak. Argitaletxea sortu zutela 30 urte bete dira, aldizkariaren lehen alea duela 20 urte argitaratu zuten, eta duela 10 urte egin zen lehen Mendi Film Festivala Gasteizen. Argitaletxea eta aldizkaria marka erreferenteak dira, urteen indarragatik eta batez ere jorratzen dituzten edukiengatik. Mendifilm, bere aldetik, nazioarte mailan aitortza handia lortu duen jaialdia da.

Euren ildo nagusietan ezaugarri bateragarri asko dituzte: mendia, natura eta kultura zaletasuna, haien dibulgaziorako grina, eta komunikazio euskarrien bidezko jendarteratzea.

Mendi Film Festivalak Bilbon duen egoitzan, Zabalgune plazako udal eraikinean, Base Camp bilgunea prestatuko du 10. edizioko egunetan, abenduaren 8tik 17ra. Sua-ren eta El Mundo de los Pirineos-en urteurrenetako erakusketez batera, “Montañas de Risa” erakusketa jarriko da bertan ikusgai, Norberto Fernandez Serranok egindako komiki liburu arrakastatsuaren binetekin osatua. Suaren hainbat aldizkari eta argitalpenekin liburutegi bat ere sortuko da, irakurketa txoko eta guzti, bertaratzen direnek nahieran gozatu dezaten.

Eta jaialdiko bigarren larunbatean, abenduaren 16an, Sala BBK-n eta 12:00etan hasita, Panel Talk-a egingo da. Sua Edizioak argitaletxearen eta El Mundo de los Pirineosen historiaren errepaso bat egingo dute haien arduradunek, eta ‘Mapas Pirenaicos’ kartografia bilduma digitalizatuaren app-een aurkezpena egingo du Miguel Angulok, kartografiagintzan dagoen egile emankor eta puntakoenetakoa bera. Android eta IOS sistemadun smartphone-etarako 3D irudiak eskaintzen dituzte Face Au Sud enpresak egindako app horiek. Piriniotako kartografian mugarri garrantzitsua da, eta Europan aplikazio berritzailea.

“Excursiones a castros”, historia isileko tontorrak

EH23 CASTROS_MTDOazalIraganaldiak agerian ikusten den baino aztarna sakoanagoa laga du gure paisaian. Egia da gaur egungo produkzio sistemak inposatu digun lur azalaren okupazioak erabateko aldaketa eragin duela, askotan atzera bueltarik gabe. Baina oraindik bada, esate baterako, gure mendietako lehenengo bizilagunen lorratz ugari. Horietako batzuen berezitasuna da tontorretan daudela, goiengo erpinean irmo atxikita. Beharbada aztarna horien gainetik igaro gara, tipi-tapa, mendi buelta eginez, eta ohartu ere ez gara egin. Prehistoriako kastroak dira horiek, antzinako irun edo gaztelu-zaharrak, Burdin Aroan eraikitako herri harresituak. Eurak dira, hain zuzen, Santiago Yanizen “Excursiones a castros, fortificaciones y recintos de guerra” liburu berriko protagonistak.

Orotara 40 txango atondu dizkigu Yanizek, Euskal Herri osoan zehar banatutako 40 mendira. Ibilbide gehienetan mendi tontorrean daukagu zain duela 2.500 urte baino gehiago eraikitako eremu gotorra, Beste kasu batzuetan harresiak berriagoak dira, baina beti mendi, hegi eta muino estrategikoetan altxatuta.

Txango bakoitzak ibibidearen deskribapena, mapa, datu praktikoak eta historiari dagozkion jakingarriak bildu ditu. Gainera, Santiago Yanizen argazkiek, gotorlekuen gaineko informazioa ez ezik, sekula ikusi gabeko ikuspegiak eskaintzen dizkigute, euretarik asko dronen bidez eginda daude eta.

Laburbilduz, Euskal Herria saileko liburu berri honek plazer bikoitza dakarkigu: etxean lasai-lasai irakurri lehenengo eta kultura eta natura uztartuz mendira jo gero. Ondo ibili!

This slideshow requires JavaScript.

Mapas Pirenaicos bildumako 3D aplikazioak zozketatuko ditu Suak

Bederatzi dira dagoeneko Mapas Pirenaicos bildumako 3Dko aplikazioak. Hemendik jaitsi daitezke smartphonetara (oraingoz Android sistemadunetara baino ez). Hasierako lauei (Monte Perdido-Gavarnie, Maladeta-Aneto, Aigüestortes-San Maurici eta Belagua-Zuriza) beste bost gehitu zaizkie: Bardeetako biak (Bardea Zuria eta Beltza), Aralar, Balaïtous-Vignemale eta Posets-Perdiguero.

Face au Sud enpresak egokitu ditu Miguel Angulok eta Gorka Lopezek atondutako jatorrizko mapak eta 3Dko errekreazio zoragarriak lortu ditu, inguru horietan mendi irteerak egin nahi dituztenentzat lagungarri bikainak. Goiko bideoak ematen du erabilera moduen eta aukeren berri.

Jaso bat doan

Sua Edizioak-ek Mapas Pirenaicos bildumako 3Dko aplikazio multzoa zozketatuko du. Esku hartzeko nahikoa da galdetegia betetzea abenduaren 11 baino lehen. Irabazleak abenduaren 14an jakinaraziko ditu Suak bere sare sozial guztietan.