“Excursiones a castros”, historia isileko tontorrak

EH23 CASTROS_MTDOazalIraganaldiak agerian ikusten den baino aztarna sakoanagoa laga du gure paisaian. Egia da gaur egungo produkzio sistemak inposatu digun lur azalaren okupazioak erabateko aldaketa eragin duela, askotan atzera bueltarik gabe. Baina oraindik bada, esate baterako, gure mendietako lehenengo bizilagunen lorratz ugari. Horietako batzuen berezitasuna da tontorretan daudela, goiengo erpinean irmo atxikita. Beharbada aztarna horien gainetik igaro gara, tipi-tapa, mendi buelta eginez, eta ohartu ere ez gara egin. Prehistoriako kastroak dira horiek, antzinako irun edo gaztelu-zaharrak, Burdin Aroan eraikitako herri harresituak. Eurak dira, hain zuzen, Santiago Yanizen “Excursiones a castros, fortificaciones y recintos de guerra” liburu berriko protagonistak.

Orotara 40 txango atondu dizkigu Yanizek, Euskal Herri osoan zehar banatutako 40 mendira. Ibilbide gehienetan mendi tontorrean daukagu zain duela 2.500 urte baino gehiago eraikitako eremu gotorra, Beste kasu batzuetan harresiak berriagoak dira, baina beti mendi, hegi eta muino estrategikoetan altxatuta.

Txango bakoitzak ibibidearen deskribapena, mapa, datu praktikoak eta historiari dagozkion jakingarriak bildu ditu. Gainera, Santiago Yanizen argazkiek, gotorlekuen gaineko informazioa ez ezik, sekula ikusi gabeko ikuspegiak eskaintzen dizkigute, euretarik asko dronen bidez eginda daude eta.

Laburbilduz, Euskal Herria saileko liburu berri honek plazer bikoitza dakarkigu: etxean lasai-lasai irakurri lehenengo eta kultura eta natura uztartuz mendira jo gero. Ondo ibili!

This slideshow requires JavaScript.

Gure 28 herri harresidunak

This slideshow requires JavaScript.

Itzela da Guía de los pueblos amurallados gidaliburuak piztu duen jakin-mina. Euskal Herria Liburuak bildumako ale horrek gure herrietan gorde diren harresien multzoaren gaineko interesa hauspotu du. Esaten dugunaren erakusgarri dira irakurleek egin dioten harrera beroa eta hedabideek eman dioten lekua.

Liburuak 28 herri harresidun batu ditu. Horietan zerka zaharren atal garrantzitsuak gorde dituzte. Lekuan lekuko harresien bilakaera historikoa eta gaur egungo egoera islatu ditu gidaliburuak. Horrez gain, bisitarako ibilbide bat proposatu eta antzinako zein gaur egungo defentsa horma horien kokapena zehazten dituen planoa erantsi zaio.

Liburuko 28 herri harresidunak ondoko hauek dira:

EH_PUEBLOS AMURALLADOS-1zuzen.inddZerrenda horretakoez gain, 30en bat herri gehiago jaso ditu, laburrago, harresi zati apalagoak dituztelako.

Bestalde, herri harresidunen gidaliburua hizpide izan dute hedabide askok, hala prentsa idatzian (Berria), nola irratian (Bilboko Herri Irratia, Onda Vasca, Radio Vitoria, Radio Euskadi) eta tebistan (ETB1eko Azpimarra saioa).

 

 

“Guía de los pueblos amurallados”, gure iraganaldiko harrien xarma

13 AMURALLADOStxiki

Euskal Herria Liburuak bildumak izenburu berritzaileaz ekin dio 2016ari. Izan ere, “Guía de los pueblos amurallados” (herri harresidunen gidaliburua) liburuak ez dauka kasik aurrekaririk gurean. Gidaliburu horretan harresia gorde duten 28 herri bildu eta deskribatu dituzte. Gainera, antzinako zerketako atalen bat zutik duten beste 30en baten berri ere eman dute, laburrago.

Euskal Herrian ez dago mundu mailan ospetsuak diren Dubrovnik, Carcassone edo Avilaren parekorik. Baina badira gurean herri harresidun asko, zein bere ezaugarriekin: hiriburu handiak (Iruñea), herrixka gotorrak (Salinillas de Buradón, Torralba del Río), erromatar aroko harresiak (Erriberri), Erdi Arokoak (Agurain, Artaxoa) edo Vauban ingeniari ospetsuak diseinatutakoak (Baiona).

Gidaliburu honetan harresi bakoitzaren historia eta bilakaera jaso dute, baita gertakizun garrantzitsuenen edo harrigarrienen berri eman ere. Beste atal batean, zerkaren gaur egungo egoera zertan den azaldu eta bisitatzeko ibilbidea proposatu du. Gainera, harresia planoan kokatu eta argazkiak erantsi dituzte. Azkenik, hiztegi labur bat ere atxiki diote liburuari, arkitektura militarraren berben esanahia azaltzeko.

“Guía de los pueblos amurallados” liburuaren bidez hedabideetan gutxitan azaltzen diren herri txiki zoragarriak aurkituko ditugu, ezagutzen ditugun beste batzuk bestela ikusiko ditugu, gure iraganaldiko pasarte kitzikagarriekin minberatuko gara eta gure ondarearen harribitxietan barrena gozatuko dugu, antzina gerla tokiak izan zirenak gaur egun, kasu batzuetan behintzat, elkarbizitzarako eta aisialdirako eremu gustagarri eta baketsuak bilakatu baitira.

Liburuaren egilea Hektor Ortega da, Sua argitaletxeko editorea. Bidaia gidaliburuak eta “Euskal Herria. Historia, paisaia, kultura” liburua idatzi ditu, besteak beste. Historia gaiez sarri jardun du, hala argitalpen dibulgatiboetan nola espezializatuetan.