
Euskal Herriko natur eremu ezaugarri bik mapa berri bana daukate. Alde batetik, Urdaibaiko biosferaren erreserba (Bizkaia) eta, bestetik, Valderejoko natur parkea (Araba). Biak ala biak Sua Edizioak argitaletxeak plazaratu ditu Mapas Pirenaicos 1:25.000 sailean.
Urdaibaiko biosferaren erreserba euskal kostaldeak ondoen gorde duen estuarioa da. Mendi apalak talaia itzelak dira padurak, artadiak eta itsasbazter zoragarria ikusteko. Urdaibaiko mapa bikoitza da, biosferaren erreserba bere osotasunean jaso ahal izateko. Horrela, Gaztelugatxetik Oiz mendiraino eta Bizkargiko tontorretik Eako lapatzetarainoko eremua ageri da, zehatz-mehatz, baita bertako ibilbide homologatu guztiak ere.
Valderejoko parke naturala, berriz, hustutako ibar txikia da. Baina mendi, oihan eta haitzarteak eremu babestutik kanpo ere zabaltzen dira, Gaubea ibarrean barrena, baita Burgosko Montes Obarenes-San Zadornil parkean ere. Eremu zoragarria da natura eta paisaiaren aldetik eta, Mapas Pirenaicos sailean ohikoa den bezala, zehaztasun handiz jaso da, tartean direla bertako ibilbide homologatu guztiak.
Horrez gain, Suak Baztango mapa argitaratu du berriz, nobedade bi erantsita. Alde batetik, mapa bikoitza izatera igaro da, ibar osoa bere baitan hartu ahal izateko. Bestetik, prezioa murriztuta dator, Urdaibai eta Valderejoko mapekin gertatzen den bezala, ez dakarrelako ibilbide gomendatuen liburuxkarik. Alegia, mapa hutsa da.
Miguel Angulo itzal handiko kartografoa da mapa guztien egilea.
