30 urtez Suako zuzendari izan den Javier Pascual saritu du Mendizale Federazioak

Mendizaletasun gala 2019_sariak-6

Jose Ramon Alonso, Federazioko presidentea, Javier Pascual eta Mikel Arrizabalaga.

Javier Pascualek, azken 30 urteotan Sua argitaletxeko zuzendaria izan denak alegia, “Euskal mendizaletasunaren adiskideak” saria jaso zuen joan den ostiralean, otsailaren 15ean, Elorrion Euskal Mendizale Federazioak egin zuen urteko sarien ekitaldian.

Mikel Arrizabalaga idazle eta mendizaleak eman zion saria. Hauexek izan ziren haren hitzak:

“Tibertar esaera zahar batek halaxe dio: ‘Azkar joan nahi baduzu, bakarrik ibili; urrutira nahi baduzu, lagunekin joan’.

Eta horixe da gure hurrengo sarituaren merituetako bat. Taldean, elkarlanean, auzolanean 30 urteko ibilbide bikaina burutu du Sua argitaletxean zuzendari moduan, mendiarekin, eta batik bat Euskal Herriko mendiekin, lotura duten era guztietako argitalpenak sortu, editatu eta zabalduz: liburuak, mapak, aldizkariak, gidak eta abar luze bat. Euskal Herriko zein beste leku askotako txoko eta inguruak modu ezin ederragoan erakutsi dizkigute urte hauetan guztietan, gure mendiak eta herriak, gure kultura eta usadio zaharrak, gure jendea eta paisaiak biluztu eta gure gozamenerako eskainiz.

Garai hauetan, non alderdi digitalak gure eguneroko bizitzan geroz eta presentzia handiagoa duen (ia erabatekoa ez esateagatik), paper euskarrian argitaratzen jarraitzea bada meritua. Merkatu digital honetan bizirik irautea ez da lan erraza, eta zalantzarik gabe, ahalegin hori Sua argitaletxearen zuzendariari ere zor diogu.

Horregatik, gaur, ekitaldi honetan, euskal mendizaletasunaren adiskideak saria 30 urte luzean Sua argitaletxearen zuzendaria izan den Javi Pascuali ematea erabaki da”.

Zorionak Javiri eta saridun guztiei!

IMG_20190215_201835

Saridunak eta antolatzaileak, oholtza gainean.

“Rutas por los bosques más bellos”, Aragoiko libururik onena

ARAGON_bosques

Aragoiko Los Amigos del Libro elkarteak Eduardo Viñualesi eman dio Premio Búho 2018 liburu onenaren saria Sua Edizioak-ek argitaratutako “Rutas por los bosques más bellos” liburuagatik.

2017an argitaratu zen liburu hori eta berau da Aragón bildumako lehenengo alea. Orotara 40 ibilbide eder dakartza, oihan eta basoetan barrena. Hasi Ebro ibarreko leku lehorrenetako pinudi eta ipuru basoekin eta buka Huescako gailur garaienetako mendi-pinu bitxiekin. Tartean dira pagadi zabalak, harizti menderagaitzak eta ibai ondoko ibar-baso joriak. Hala testuak nola argazkiak Eduardo Viñualesenak dira.

Sari banaketa datorren apirilaren 26an izango da, 19:00etan Zaragozako Caixaforum aretoan. Zorionak, Eduardo!