
Liburu honek izenburutik bertatik iragartzen du aparteko proposamena dakarrela, euskal mendizaleak kitzikatuko dituen erronka zirraragarriaz datorrela: Euskal Herriko mugak, oinez. 66 etapa 7 herrialdeetako perimetrotik. Gure herria irudikatzeko, ibiltzeko eta bertatik bertara ezagutzeko gonbit ausarta da, ia sinesgaitza, baina egingarria. Egileek, Goierriko Mendizale Beteranoek alegia, etapaz etapa, urtez urte, ia nahi barik, osatu dute Euskal Herriko profil hori.
Hortaz, ez da ameskeria. Asmo itzela da, bai, taldean, nork bere neurrian, arnas luzeko proiektu gisa gauzatu beharrekoa. Baina, hasi eta buka itzulia osatu zein aukeratutako etapak besterik ez egin, liburu honek aukera ezin ederragoa ematen digu Euskal Herriko mugetatik mendi ibilbide zoragarriak egiteko eta gure paisaiaren, naturaren eta kulturaren aberastasunaz gozatzeko. Banaka batzuk eginez gero, plan bikainak dira gure kostalde, mendialde eta ibarretan barrena txangoak gauzatzeko. Eta denak eginez gero, Euskal Herria bere osoan korrituko dugu, tipi-tapa.
Orotara 66 etapa dira Bizkaiko Golkoko itsas-bazterrean, Kantabria eta Burgosko mugetako mendietan, Errioxa eta Zaragozako mugetako lautadetan, Huesca eta Biarno ertzeko bortuetan eta Aturriko ibai-hegiko ordokietan. Jakina, perimetroan mendiak ugariak dira. Liburu honek 70 tontorretara igotzea proposatzen du, Euskal Herriko garaiena zein itsas gaineko talaia apalak tartean.
Etapa bakoitza deskribapenaz, mapaz, argazkiz, jakingarri praktikoz eta ibilbidearen trackaz hornituta dator. Baliabide horiek bidelagun, besteak beste, Urdaibaiko padurak zeharkatuko ditugu, Hiru Erregeen Mahaira igoko gara, Ebro ondoko basoen itzalpean ibili, Bardeetako mortuak inguratu eta Zuberoako muino berdeetatik eta mila leku gehiagotatik igaroko gara. Euskal Herria zain dugu.
Liburuko edukiei begirada bat bota nahi izanez gero, lerroon azpian lagin bat utzi dugu. Tartean dira aurkibidea eta itzuli osoko mapa. Gozatu!

