
Sua Edizioak argitaletxeko Natura gidetako ale berria liburu berezia da, hala bere neurriengatik (408 orrialde, argazki andana bat kolorez…) nola bere edukiagatik, Euskal Herriko natura ondoen azaltzen duen ezaugarria, bere dibertsitatea alegia, zehatz jaso, lau haizetara zabaldu eta bertatik bertara ezagutzera gonbidatzen gaituelako. Europan ez dira asko hain eremu txikian horrelako natura-esparru sorta joria biltzen duten lurraldeak. Biodibertsitatea gure herriaren marketako bat da.
Guía de la biodiversidad de Euskal Herria. Especies y espacios naturales liburu mardul honek zazpi herrialdeetako ekosistema sorta oparoko landaretzan eta faunan murgiltzeko gonbita dakar. Gainera, ekosistema bakoitza natura-eremu babestu batean kokatzen du. Espezie eta eremu horietako balio naturalak eta kulturalak elkarri estu lotuta daudenez, batzuetan dimentsio etnografikoa ere eskuratzen dute. Horregatik, egileek arreta berezia jarri diete eremu horietako ohitura zahar batzuei.
Egileak, Guillermo Meaza eta Peio Lozano hain zuzen ere, Euskal Herriko naturaren gaineko ezagutza handiaren eta gai mamitsuak modu argi, atsegin eta erakargarrian emateko gaitasunaren jabe dira. Dohain horien emaitza da liburu eder hau, zeinaren bidez, gure herriko natura osatu duten prozesuak ezagutu eta bertatik bertara ikusteko gogoa piztuko zaigun, alegia, Euskal Herriko natura ezagutzeko, gordetzeko eta maitatzeko gogoa.
