“Rutas montañeras a cuevas”, lurpeko Euskal Herria argitara

Prehistoriatik hona, Euskal Herriko lurpeko eremu batzuek bertoko bizilagunen jakin-mina piztu dute. Aterpe, etxebizitza, leku sakratu, gordeleku, biltegi, pasabide, sastegi, urkamendi, meatze, korta… zazpi erabilera eman izan zaizkie haitzulo eta harpeei. Gaur egun, egundo ez bezala, lurpeko erraietan bila gabiltza, ezagutzen ez dugun mundu horren gainean gehiago jakin nahian. Liburu honek, Rutas montañeras a cuevas, hogei mendi-ibilbide bildu ditu beste horrenbeste haitzulotara heldu eta lurpeko abentura bizitzeko asmoz. Horrela gure herriko naturaz gozatu ez ezik, lurpeko sekretu ikusgarriak bertatik bertara ikusiko ditugu.

Izan ere, zain ditugu naturaren ikuskizun sinesgaitzak, Zuberoako La Verna areto ikaragarria, Pozalaguako estalaktita bitxiak (Bizkaia), Sarastarriko lurpeko lakua (Gipuzkoa) edo Zugarramurdiko Sorginen Leze mitikoa (Nafarroa). Ederrak dira, halaber, artzain giroko Harpea, Aitzulo edo Portupekolezeko arkuak edo Supelegorreko haitzulo urruna. Ezin bazter utzi, jakina, prehistoriako artearen harribitxiak (Santimamiñe, Ekain, Izturitze), duela mila urte (Lañu) eta duela berrogeita hamar urte (Arguedas) jendea bizi zen kobazuloak, Haitzeko Amaren eliza harkaitzari atxikia (Faidu) edo Urallagako meatzea.

Egileak, Javi Pascual Otalorak, mendi-ibilbide ederrak bilatu ditu leku horietara guztietara heltzeko. Horrela, natura eremu zoragarrietan barrena ibiliko gara lurpeko misterioen bila murgildu aurretik. Gure herria ezagutzen jarraitzeko beste modu bat, liluragarria eta kitzikagarria.

Liburua zertan den jakin nahi duenak, lerroon azpian dauka lagin bat eskuragarri. Ondo ibili!

Harrera beroa “Euskal Herriko mugak oinez” liburuari

Hilabetea da Euskal Herriko mugak oinez liburua plazaratu zela. Goierriko Mendizale Beteranoek proposamen ausarta luzatu diote euskal mendizalegoari, gure herria goitik behera eta ezker-eskuin ibiltzeko, ezagutzeko, maitatzeko. Orotara, 66 etapa, zazpi herrialdeetako perimetrotik. Eta erantzuna bikaina izan da, oihartzun handia lortu baitu hedabideetan. Interesa badago.

Hauek dira orain arte argitaratu diren elkarrizketa eta idazkietako batzuk:

Berria: https://www.berria.eus/bizigiro/mendi-ibilbideei-esker-bizimodua-hobetu-zait_2160143_102.html

Diario Vasco: https://www.diariovasco.com/tolosa-goierri/ordizia/vuelta-euskal-herria-etapas-20260604200302-nt.html

Noticias de Gipuzkoa: https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/sociedad/2026/06/03/euskal-herriko-txokoak-eta-mugak-11150900.html

https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/sociedad/2026/06/03/principio-teniamos-intencion-dar-vuelta-11150325.html

Euskadi Irratia (Faktoria): https://guau.eus/m/faktoria-2-euskal-herriko-mugak-oinez-liburua-gordeleku-argazki-erakusketa

Naiz Irratia (Bigarren Kafea): https://irratia.naiz.eus/en/info_irratia/20260619/euskal-herriko-bazterrak-oinez-ezagutzeko-gonbita

ETB (Biba Zuek): https://etbon.eus/m/biba-zuek-185-17434686 (24. minututik aurrera)

Goierri Telebista: https://gitb.eus/ordizia/1780569734349-goierriko-mendizale-betenaroen-elkarteak-euskal-herriko-mugen-zehar-egindako-ibilaldiak-liburuan-jaso-ditu

Eta Elkar aldizkaria (84. zenbakia):

“Hernio eta Pagoetako natura parkea”, gizakiak eta naturak bat egiten duten lekua

Hernioko gailur lerdenaren itzalpean natura eremu bikaina zabaltzen da, itsasaldetik barrualdeko ibarretaraino. Alderdi bat, Pagoeta, natura parkea da eta Hernio-Gazumeko mendigunea, bere aldetik, Kontserbazio Bereziko Eremu gisa babestuta dago. Horrela, Aizarnazabaldik Albizturreraino, gizakiak eta naturak auzolanean, edertasun handiko ingurua gorde dute. Barruti horretan barrena eramango gaitu liburu honek. 29 ibilbide zoragarri proposatu dizkigu, tontor, baso, erreka, itsas gaineko talaia eta bailara bakartien bila joateko, ermita, garai bateko burdinola eta galtzada zaharretako arrastoei segika.

Egilea, Mikel Arrizabalaga mendizale adituak, hamazazpi txango eta igoera aukeratu ditu Hernio aldean, eta hamar gehiago Pagoetako parke naturaletik. Horiez gain, zeharkaldi bi ere badakartza liburuak, Altxonbidea (GR35) eta Gailurrez gailur izenekoak.

Ohi bezala, ibilbideak jakingarri praktikoz, mapaz, trackaz eta argazkiz hornituta datoz. Eta proposatutako eremuko ondarea hobeto ezagutzeko, egileak artikulu labur kitzikagarriak ere erantsi dizkio.

Liburuan kuxkuxeatu nahi izanez gero, lerroon azpian lagina utzi dugu. Ondo ibili!