“Rutas montañeras a cuevas”, lurpeko Euskal Herria argitara

Prehistoriatik hona, Euskal Herriko lurpeko eremu batzuek bertoko bizilagunen jakin-mina piztu dute. Aterpe, etxebizitza, leku sakratu, gordeleku, biltegi, pasabide, sastegi, urkamendi, meatze, korta… zazpi erabilera eman izan zaizkie haitzulo eta harpeei. Gaur egun, egundo ez bezala, lurpeko erraietan bila gabiltza, ezagutzen ez dugun mundu horren gainean gehiago jakin nahian. Liburu honek, Rutas montañeras a cuevas, hogei mendi-ibilbide bildu ditu beste horrenbeste haitzulotara heldu eta lurpeko abentura bizitzeko asmoz. Horrela gure herriko naturaz gozatu ez ezik, lurpeko sekretu ikusgarriak bertatik bertara ikusiko ditugu.

Izan ere, zain ditugu naturaren ikuskizun sinesgaitzak, Zuberoako La Verna areto ikaragarria, Pozalaguako estalaktita bitxiak (Bizkaia), Sarastarriko lurpeko lakua (Gipuzkoa) edo Zugarramurdiko Sorginen Leze mitikoa (Nafarroa). Ederrak dira, halaber, artzain giroko Harpea, Aitzulo edo Portupekolezeko arkuak edo Supelegorreko haitzulo urruna. Ezin bazter utzi, jakina, prehistoriako artearen harribitxiak (Santimamiñe, Ekain, Izturitze), duela mila urte (Lañu) eta duela berrogeita hamar urte (Arguedas) jendea bizi zen kobazuloak, Haitzeko Amaren eliza harkaitzari atxikia (Faidu) edo Urallagako meatzea.

Egileak, Javi Pascual Otalorak, mendi-ibilbide ederrak bilatu ditu leku horietara guztietara heltzeko. Horrela, natura eremu zoragarrietan barrena ibiliko gara lurpeko misterioen bila murgildu aurretik. Gure herria ezagutzen jarraitzeko beste modu bat, liluragarria eta kitzikagarria.

Liburua zertan den jakin nahi duenak, lerroon azpian dauka lagin bat eskuragarri. Ondo ibili!

Utzi iruzkina