Hauek dira mendian aurkituko ditugun Erdi Aroko gazteluak

Atentzioa eman du Rutas montañeras a castillos medievales liburu berriak, proposatzen duen gaia dela eta. Ba ote da Erdi Aroko gaztelurik Euskal Herriko mendietan? Bada, bai, badira, eta ez gutxi. Batzuk zutik aurkituko ditugu, harresiak eta dorreak tente amildegien ertzean. Beste batzuk, ostera, oharkabean igaro litezke jakin ezean hor gaztelua egon zenik. Beharbada haitzean landutako mailak, pasabideak edo ur-gordailua besterik ez dago. Eta azkenik, badira azken urteotan induskatu eta gero, harresiak eta gainerako atalak agerian utzi dituztenak.

Esther Merinok horietako 25 aukeratu ditu. Batzuk, muino apalen buru daude. Garaiena, berriz, 1.400 metrotan dago gure zain. Nahi baduzu jakin zeintzuk diren, klikatu beheko estekan. Liburuaren aurkidea (25 gaztelu eta ibilbideak) eta sarrera aurkituko dituzu. Ondo ibili!

Esther Merinok “Rutas montañeras a castillos medievales” liburua aurkeztu digu

Egunotan heldu da liburu-dendetara Rutas montañeras a castillos medievales liburua, Euskal Herria Liburuak bildumako ale berria. Hogeita bost ibilbide dira beste horrenbeste gaztelura, beti ere muino edo harkaitz baten buru. Historia eta mendia uztartzen dituen gonbidapen kitzikagarria. Beheko bideoan egileak, Esther Merinok alegia, liburua aurkeztu du.

“Rutas montañeras a castillos medievales”, mendi bete historia

Erdi Aroko gatazka bortitzek ondorio bitxia laga zuten: gure mendi kaskoak gaztelu eta dorreekin bete ziren. Mota guztietako mendiak baliatu zituzten, mendixka estrategikoak zein labar helezinak. Horietako batzuk zutik diraute. Euskal Herria Liburuak bildumako liburu berriak, Rutas montañeras a castillos medievales alegia. Egileak, Esther Merinok alegia, mendira jotzeko gonbidatu gaitu, ohi bezala naturaz gozatzeaz gain, historiaren lorratzak bertatik bertara ikustera.

Esther Merinok hogeita bost mendi igoera proposatu dizkigu, beste horrenbeste gaztelura. Gaztelu horiek mendi gainean altxatzen dira, hala haitz tentetan nola muino xumetan edo mendigune basatienetan. Besteak beste, Lapoblación, Jentilbaratza, San León edo Untzueta mendietara igoko gara. Gailurretan Erdi Aroko gaztelu zaharrak dauzkagu zain, denboraren joanari zutik eutsi dioten Astulez, Lanos eta Portilla kasu. Beste batzuk, azkenaldion induskatu eta agerian gelditu dira, hala nola Irulegi, Gerga edo Elo. Eta badira erorita eta ahaztuta dautzanak, ingurutik igaro eta dakienak bakarrik igarriko dituenak, Astxiki, Irurita edo Toro adibidez. Igoera hauetan mendi ibilbide kitzikagarriak eginez Erdi Aroko historia bortitza ezagutuko dugu.

Esther Merino mendizale aditua da, Pyrenaica aldizkariko eta beste hedabide batzuetako kolaboratzailea. Iñaki Sagredo ikerlariak sarrera historikoa idatzi du.