Iraganaldiak agerian ikusten den baino aztarna sakoanagoa laga du gure paisaian. Egia da gaur egungo produkzio sistemak inposatu digun lur azalaren okupazioak erabateko aldaketa eragin duela, askotan atzera bueltarik gabe. Baina oraindik bada, esate baterako, gure mendietako lehenengo bizilagunen lorratz ugari. Horietako batzuen berezitasuna da tontorretan daudela, goiengo erpinean irmo atxikita. Beharbada aztarna horien gainetik igaro gara, tipi-tapa, mendi buelta eginez, eta ohartu ere ez gara egin. Prehistoriako kastroak dira horiek, antzinako irun edo gaztelu-zaharrak, Burdin Aroan eraikitako herri harresituak. Eurak dira, hain zuzen, Santiago Yanizen “Excursiones a castros, fortificaciones y recintos de guerra” liburu berriko protagonistak.
Orotara 40 txango atondu dizkigu Yanizek, Euskal Herri osoan zehar banatutako 40 mendira. Ibilbide gehienetan mendi tontorrean daukagu zain duela 2.500 urte baino gehiago eraikitako eremu gotorra, Beste kasu batzuetan harresiak berriagoak dira, baina beti mendi, hegi eta muino estrategikoetan altxatuta.
Txango bakoitzak ibibidearen deskribapena, mapa, datu praktikoak eta historiari dagozkion jakingarriak bildu ditu. Gainera, Santiago Yanizen argazkiek, gotorlekuen gaineko informazioa ez ezik, sekula ikusi gabeko ikuspegiak eskaintzen dizkigute, euretarik asko dronen bidez eginda daude eta.
Laburbilduz, Euskal Herria saileko liburu berri honek plazer bikoitza dakarkigu: etxean lasai-lasai irakurri lehenengo eta kultura eta natura uztartuz mendira jo gero. Ondo ibili!