
Artxiboa gaika: euskara
“Santuarios y monasterios”, artea, gastronomia, historia eta txangoak batu dituen liburua
2017ko azken liburua plazaratu berri du Euskal Herria Liburuak bildumak eta zer esana emango du. “Santuarios y monasterios” dauka izenburu eta Alberto Muro gidari eta argazkilariak egin du. Berrehun orrialdeetan barrena santutegi eta komenturik garrantzitsuenak jorratu ditu, artearen, gastronomiaren, historiaren eta txango zoragarrien bila.
Liburu horretan goi mendietako santutegiak agertuko zaizkigu, Kodes, Leire, Urkiola edo Arantzazu kasu, paraje bakartietakoak, hala nola Angosto (Gaubea) edo Baratzagaitz (Urraulgoiti), monumentu multzoak osatzen dituztenak (La Oliva, Kexaa…) eta gure historian itzal luzea lortu dutenak, Aralarko San Migel, Belloc edo Orreaga adibidez.
Orrialdez orrialde gutizia gastronomikoak azalduko zaizkigu, direla Aguraingo klaratarren edo Elorrioko domingotarren gozokiak, direla Irantzu edo Oroko santutegietako jatetxeak. Eta atal guztietan inguruetatik txango ederra egiteko proposamena txertatu du egileak, bisita bakoitza behar bezala biribiltzeko.
Orotara, 30 proposamen, Alberto Muroren testu eta argazki dotorez hornituta. Ibilbide oparoko egile hau liburu aipagarriak argitaratuta dago Euskal Herria Liburuak bilduman, hala nola dagoeneko lau edizio eduki dituen “Vías verdes” edo aurton kaleratutako “Dólmenes, crómlech y menhires”, besteak beste.
Euskal Herriko ugaztunen gidaliburua argitaratu du Suak

Ugaztunekin lotura berezia daukagu. Orkatzaren marruak, izurdearen jauziak edo bidean azaldu zaizkigun otso lorratzak nahikoa izaten dira gure bihotzean zirrara eragiteko, beste edozein animaliak lortuko ez lukeen heinean. Eta, hala ere, ugaztun multzo handiak zeharo ezezagunak dira guretzat, batez ere espezie gehien biltzen dituztenak, karraskariak eta saguzaharrak kasu.
Euskal Herriko ugaztunen gidaliburu honetan Euskal Herriko basafaunako 99 ugaztun espezie batu ditugu, hala lehorrekoak nola itsasokoak. Liburua erabilgarria izateko jaio da. Eskuetan hartzen duenak espezie guztien fitxa multzo bikaina ez ezik, animalia bakoitza identifikatzeko gako sorta ere edukiko du aukeran, hasi oinarrizko jakintzetatik eta buka ikuspegi zientifikoagoan, kaskezurretako ezaugarri bereizleak espezieka jarrita. Gidaliburu honek irakurlea harrituko du ez baita orain arte gurean antzeko lanik argitaratu, eta batez ere erabilgarria izatea dauka helburu.
Testuak, ilustrazioak eta eskemak Jonathan Rubinesek egin ditu. Landa-azterketetan eskarmentu handiko biologoa izateaz gain, jakintza zientifikoa gizarteratzen ere aritu da. Landa-laneko eskarmentu horri esker sortu da gidaliburu honen edukia, espezieak identifikatzeko arazoak gainditzeko eratuta eta faunako atal harrigarri honekiko interesa eta jakin-mina asetzeko eta areagotzeko pentsatuta.
Aurretik ere argitaratuta dago Rubines Sua Edizioak-ekin. Izan ere, Euskal Herria liburuak bilduman plazaratu zuen “Guía de huellas, señales y rastros animales” gidaliburua.
Liburu hau Guías Natura ataleko laugarren titulua da. Euskal Herriko natura ezagutzera eman nahi duen sail horretan bertan ondoko gidaliburu hauek ere plazaratu dira: “Guía de aves de Euskal Herria”, “Guía de árboles de Euskal Herria” eta “Guía de flores de Euskal Herria”.