2017ko azken liburua plazaratu berri du Euskal Herria Liburuak bildumak eta zer esana emango du. “Santuarios y monasterios” dauka izenburu eta Alberto Muro gidari eta argazkilariak egin du. Berrehun orrialdeetan barrena santutegi eta komenturik garrantzitsuenak jorratu ditu, artearen, gastronomiaren, historiaren eta txango zoragarrien bila.
Liburu horretan goi mendietako santutegiak agertuko zaizkigu, Kodes, Leire, Urkiola edo Arantzazu kasu, paraje bakartietakoak, hala nola Angosto (Gaubea) edo Baratzagaitz (Urraulgoiti), monumentu multzoak osatzen dituztenak (La Oliva, Kexaa…) eta gure historian itzal luzea lortu dutenak, Aralarko San Migel, Belloc edo Orreaga adibidez.
Orrialdez orrialde gutizia gastronomikoak azalduko zaizkigu, direla Aguraingo klaratarren edo Elorrioko domingotarren gozokiak, direla Irantzu edo Oroko santutegietako jatetxeak. Eta atal guztietan inguruetatik txango ederra egiteko proposamena txertatu du egileak, bisita bakoitza behar bezala biribiltzeko.
Orotara, 30 proposamen, Alberto Muroren testu eta argazki dotorez hornituta. Ibilbide oparoko egile hau liburu aipagarriak argitaratuta dago Euskal Herria Liburuak bilduman, hala nola dagoeneko lau edizio eduki dituen “Vías verdes” edo aurton kaleratutako “Dólmenes, crómlech y menhires”, besteak beste.