“Edurne Pasaban”, mendi ibilbide kitzikigarriaren komikia

Euskal Herriko mendizaletasunean, Himalaiako mendiei dagokienez batez ere, erreferentzia nagusietako bat Edurne Pasaban izan da, munduko 14 zortzimilakoak igo zituen lehen emakumea. Edurne komikian, bere kirol ibilbidea modu kitzikagarrian ezagutuko dugu, berarekin batera ibiliko baikara tontor helezinetarako bidean.

Bide hura zelan hasi eta norekin egin zuen topo ere jakingo dugu. Agertuko dira, jakina, beste emakume batzuk, hala nola, Pili Ganuza, Amaia Aranzabal, Miriam Garcia Pascual, Gerlinde Kaltenbruner, baita gizonak ere: Juanito Oiarzabal, Juan Vallejo, Mikel Zabalza…… Eta berarekin batera, elurrak hartuko du protagonismoa. Komikiaren ardatza izango da, bere izenarekin eta bizitzarekin lotura argia baitu.

Komikiaren gidoia Ramon Olasagasti kazetari adituari zor zaio. Komikigintzaz, berriz, César Llaguno, Felipe H. Navarro eta Pedro Villarejo arduratu dira. Sua Edizioak argitaletxearen eta Mendi Film festibalaren arteko edizioa da, eta euskal mendizaletasunaren mugarriak biltzea helburu duen bildumaren laugarren titulua da. Aurrekoak honako hauek izan dira: Everest. Herri oso bat gailurrean; Iñurrategi anaiak. Mendiari bihotz emanak;  eta Andres Espinosa. Bakarrik eta libre.

Goi-mailako sokada horrek emaitza paregabeen gailurrera eraman gaitu. Lerroon azpian, lagin bat utzi dugu, esaten dugunaren erakusgarri:

“Goian zerua eta behean lurra”, Mikel Zabalzaren mendi ibilera harrigarriak

Mikel Zabalza iruindar mendizale zailduari beti gustatu izan zaio negua. Pirinioetan hasi zen eskaladan, Gavarnieko zirkuan, izotzezko bide etereoetan. Eskia egin du, Himalaiara joan da, eta bide berriak ireki ditu ohiko ibilbideetatik aldendutako harkaitz erraldoietan, eta Antartikako izotzetan barrena egin du aurrera, haizearen bultzadak lagunduta, lera bati tiraka. Goian zerua eta behean lurra liburuan, kontakizunean aurrera egin ahala, bere kordadaren parte izango gara.

Alpeetara eta Patagoniara joango gara, munduko horma handietara, eta haien babesean egingo dugu lo, haizea eta elurra nagusi diren altitudeetan: Peuterey, Trango, Piergiorgio, Kanchenjunga, Dunagiri, Maud Erreginaren Lurraldea, Everest eta K2, Abruzzoen ezproia, Gasherbrum II eta IV, Broad Broad Peakeko hiru gailurren zeharkaldia, Nuptse, Paiju Peak Hegoaldeko Dorrea, Phurbi Chyachu… eta, beti-beti, Pirinioak.

Nahi duenak liburuan kuku bat egin, hemen dauka lagin txiki bat, aurkibide eta guzti. Gozatu!

“Mendia da askatasuna”, Thomas Huber eskalatzaile handiaren lekukotza

Thomas Huber mendizalearen bizitza lerro batekin irudika genezake, labar tentetik gora amildegiari erronka eginez abiatzen den lerro sinestezina. Gazte-gaztetatik eskalatzaile, munduko hormarik bertikalenak igo ditu, porrotak eta garaipenak kateatuz biografia harrigarria osatu arte. Bizipen guzti horiek kontatu ditu, zintzo demonio, Mendia da askatasuna. Bizitza bat muga-mugan liburuan.

Thomas Huber (1966) eskalatzaile eta alpinista amildegiaren ertz-ertzean bizi izan da hamarkadetan. Arrakasta itzelak lortu ditu lehenengo igoerak burutzen eta bide ikusgarriak irekitzen; porrotak ere, ez gutxi, eta aurrera egin izan du istripu larriak eta gaixotasuna bidean azaldu zaizkionean. Beti muga-mugan ibili izan da. Erorikoak akuilu bihurtu dituenez, lur jo duen bakoitzean altxatu egin da. Liburu honetan bere umezaroaz dihardu, Alpeen itzalpean, bere lehenengo ibileren oldarraz, mendiarekiko grinaz, anaitasunaz, ausardiaz eta zalantzaz. Gure garaiko alpinista famatuenetako baten bizipenak dira, askatasunari gorazarre hutsa.

Liburua Iñigo Lizarribarrek itzuli du eta Thomas Huberren bizitzaren lekukotasuna dakarten argazki sorta ederraz jantzita dator. Hemen azpian lagina utzi dugu, nahi baduzue kuku bat egin eskalatzaile handi honen bizitzan.