“Andres Espinosa”, libre eta bakarrik ibili zen aitzindariaren komikia

Bi urtean behin, Mendifilm jaialdiak eta Sua Edizioak-ek indarrak batzen dituzte euskal mendizaletasunaren gaineko komikia plazaratzeko. Aurtengoa hirugarrena da eta, zalantzarik gabe, zirrara eragingo du. Andres Espinosa. Bakarrik eta libre komikiak bere bizitza harrigarria islatu du. Aitzindaria izatea zer den erakutsiko digu!

Andres Espinosa Etxebarria (1903-1985) zornotzarrak balentria ikaragarriak egin zituen euskal mendizaletasuna abiatu berritan zegoenean. Euskal Herriko mendiak igo eta gero, atzerrira jo zuen abentura bila, baita aurkitu ere: Urriellu soka barik eskalatu zuen, Mulhacen, Veleta eta Teidera bakarrik igo zuen, Mont Blanc eta Cervino bakarrik eskalatu zituen lehenengoa izan zen, Afrika zeharkatu zuen Kilimanjaroko gailurrera heltzeko, Himalaiaraino joan zen bertako tontorren bila… 1936ko gerrak eten zion bidea, baina artean egindakoa edonor harri eta zur uzteko modukoa da.

Haren bizitza dakarren komikian Ramon Olasagastiri zor zaio testua. Ilustrazioak eta koloreak, berriz, César Llagunoren eta Felipe H. Navarroren eskutik etorri dira. Emaitza, zalantzarik gabe, bikaina da, Espinosak merezi zuen neurriko komiki ederra.

Aurretik beste komiki argitaratuta daude Sua Edizioak eta Mendifilm jaialdia elkarlanean. Lehenengoa, 2018an, Everest. Herri bat gailurrean izan zen. 2020an Iñurrategi anaiak. Mendiari bihotz emanak kaleratu zen. Zaletuek harrera ezin beroagoa eman zieten biei.

Iñurrategi anaien mendi ibilbidea, komikian

Iñurrategi anaiak dira Sua Edizioak-ek eta Mendifilm Festivalek elkarlanean argitaratutako komiki berriaren protagonistak. Lehenengoa “Everest. Herri oso bat gailurrean” izan bazen, oraingoan “Iñurrategi anaiak. Bihotza mendiari emanak” lan kitzikagarriarekin datoz. Ramon Olasagastiren gidoiaz eta César Llagunoren marrazkiez osatu da anaia bien ibilbideen kontakizun zirraragarria.

Euskal mendizaletasunaren historian aparteko sokada izan da Felix eta Alberto Iñurrategik osatutakoa: soka sendo bat, egiteko modu bat, sokalagunekiko nahiz babesleekiko leialtasun bat, mendia bere hedadura osoan aintzat hartzen jakin duen begirada bat. Mendia ez baita gailurra soilik, mendia batez ere bidea da, eta mendirako bidean dauden herriak, eta herri horietan bizi den jendea…

Gasherbrum II, hamabigarren zortzimilakoa elkarrekin igo eta gero, beherakoan istripua izan eta hil egin zen Felix. “Bihar ere argituko du egunak”, esan ohi zuen Felixek sarri, adore premian zenari bihotz emateko, eta ausaz mendiari ez ezik bizitzari aurre egiteko modu horrek biziarazi zuen berriro pultsua. Mendiari bihotz emanak bizi izan ziren, bizi da oraindik ere Alberto, mendiak ematen zielako bihotz. Gerozko urteotan, Felix hil ondoren sortutako Baltistan Fundazioaren eskutik, altuera xumeagoan gailur zailagoak ere bilatu dituzte, Hushe ibarreko baltiarren bizimodua zertxobait duintzea, besteak beste.