“Everest. Herri oso bat gailurrean” komikiaren bigarren edizioa, salgai

_everest_komikaCUBIERTA2.indd

Harrera beroa egin diote mendizaleek “Everest. Herri oso bat gailurrean” komikiari. Kaleratu eta aste gutxira agortu egin dute. Horretaz, argitaratzaileek, Mendifilm Festival eta Sua Edizioak alegia, bigarren edizioa atondu eta salgai paratu berri dute.

Durangoko Azokan bertan igarri zen harreraren beroa. Suako standean gehien saldutako liburua izan zen komikiaren euskarazko bertsioa. Harrezkero, lehenengo inpresio hori baieztatu baino ez da egin. Hortik dator bigarren edizio hau, mendizale eta, oro har, euskal gaietan interesatuta dauden guztien jakin-mina asetzeko asmoz. Liburuaz gehiago jakiteko, sakatu hemen.

Everest, herria gailurrera eraman zuen balentriaren komikia

_everest_komikaCUBIERTA2.indd

Mendizaletasuna kirola baino zerbait gehiago da euskaldunontzat. Gure izaerari sakon atxikita doan jarduera da. Euskalduna izateko modu bat, kasik. Eta mendian egindako balentriak, gure historiaren kinka larri batzuetan, herri garaipentzat jo izan ditugu. Beharbada, une gogoangarrienak Everesterako lehenengo espedizio biak izan ziren, 1974koa (Tximist espedizioa) eta 1980koa. Haien historia kitzikagarria komiki bihurtu dute Ramon Olasagastik eta César Llagunok.

2 orri_cmyk

“Everest. Herri oso bat gailurrean” liburuak espedizio haiek gainditu zituzten oztopoak kontatzen ditu: finantzazioa, eragozpen politikoak, erorikoak, etsipenak, porrotak, zalantzak… eta baita erakutsitako adorea, grina, ilusioa eta jakintza. 1980ko maiatzaren 14an Martin Zabaletak ikurriña munduko tontorrean haizatu zuenean, herri oso bat zuen alboan, hain izan baitzen igoera hura talde-lan zabalaren emaitza.

Historia hori Ramon Olasagastik josi du eta César Llagunok jarri du irudietan. Horrela sortu da komiki hau, bera ere talde-lanaren emaitza, Sua Edizioak eta Mendifilm Festival jaialdia elkarlanean aritu dira eta argitaratzeko.

This slideshow requires JavaScript.

“Montañas de risa”, txango bete barre

MONTANASdRISA1

“Montañas de risa” izango da, inolako zalantzarik gabe, Suak urte akabuan argitaratu dituen nobedadeen artean harrigarriena. Umore grafikoa jorratzen duen liburua da, baina berezitasun ederraz jantzita datorkigu: islatzen dituen egoera komiko guztiak mendiarekin, abentura-kirolekin, kanpinarekin, familia txangoekin edo eskaladarekin lotuta daude.

Egoera horietako asko ezagunak egingo zaizkie aisialdian jarduera horietan aritzen direnei. Beste batuzk, ostera, zorokeriak dira, muturreraino eramanda. Batzuek eta besteek, seguru gaude, irribarrea marraztuko dute gure ezpainetan irakurri ahala.

Gidoiak bikainak izateaz gain, bineten kalitatea dira liburuaren ezaugarrietako bat. Egilea Norberto Fernandez Serrano dugu, benetako espezialista, hamaika komikiren egilea hala umore grafikoaren arloan nola komikigintza klasikoaren esparruan.