Mendizaletasuna kirola baino zerbait gehiago da euskaldunontzat. Gure izaerari sakon atxikita doan jarduera da. Euskalduna izateko modu bat, kasik. Eta mendian egindako balentriak, gure historiaren kinka larri batzuetan, herri garaipentzat jo izan ditugu. Beharbada, une gogoangarrienak Everesterako lehenengo espedizio biak izan ziren, 1974koa (Tximist espedizioa) eta 1980koa. Haien historia kitzikagarria komiki bihurtu dute Ramon Olasagastik eta César Llagunok.
“Everest. Herri oso bat gailurrean” liburuak espedizio haiek gainditu zituzten oztopoak kontatzen ditu: finantzazioa, eragozpen politikoak, erorikoak, etsipenak, porrotak, zalantzak… eta baita erakutsitako adorea, grina, ilusioa eta jakintza. 1980ko maiatzaren 14an Martin Zabaletak ikurriña munduko tontorrean haizatu zuenean, herri oso bat zuen alboan, hain izan baitzen igoera hura talde-lan zabalaren emaitza.
Historia hori Ramon Olasagastik josi du eta César Llagunok jarri du irudietan. Horrela sortu da komiki hau, bera ere talde-lanaren emaitza, Sua Edizioak eta Mendifilm Festival jaialdia elkarlanean aritu dira eta argitaratzeko.