
Everestera neguan oxigeno barik igotzeko hirugarren saioa egin berri du Alex Txikonek. Zorigaitzez, oztopoak gehiegizkoak izan dira eta azkenean ahalegina bertan behera uztea erabaki du lemoar mendizaleak. “Mundu bat motxilan. Alex Txikonen menditazioak” liburuan irakur daitekeen bezala, “galtzailea baino, irabazlea da saiatua, balientea, ez baita ezerezaren kronista izan, ekintzailea bera baizik; bizi izandakoa idatzi baino, idaztekoa bizitzera ausarten den hori”.

Eragozpenak gailendu dira. Zazpi arazo eta oztopo gainditu ostean, Txikonek hirugarren kanpamendura heltzeko ahaleginetan ziharduen. Lhotse mendiko horman pilatutako elur geruza lodi eta ezegonkorra izan da atzera egiteko arrazoia. Honela kontatu du lemoar mendizaleak berak txio baten: “Amaitu da dena. Denok gaude ondo… mirariz! Eskalatzen jarraitu izan bagenu, ez ginen bizirik jaitsiko. Ia metro bat elur kanpamentu nagusian… Eta 50 zm 3. kanpamentura iristeko … Lhotseko mendebaldeko hegal osoa gainera erortzen zitzaigun.”
Mendira joaten ikasi behar den bezala, menditik etortzen ere jakin behar da. “Mundu bat motxilan” liburuak, hain zuzen, horixe kontatzen digu. Everestera goaz Alex Txikonekin, neguan eta oxigeno barik. Igoera osoa egingo dugu berarekin, baina bidean urratsak egin ahala, paisaia eta jende askorekin topatzeaz gain, bere pentsamenduek, bere “menditazioek”, erakutsiko digute mendia ez dela lehia, ez dela inorekiko erronka. Eta, batez ere, “zoriontasuna aldean eramaten den altxorra dela, ez inora heltzerakoan betiko ematen dizuten garaikurra”.
