Alex Txikonek “Mendi biluzia” liburua aurkezten du

Alex Txikonek Nanga Parbat mendiko bere ibilerak bildu ditu liburu kitzikagarri baten. Ahoan bizarrik gabe eman ditu “Mendi biluzia” neguan igotzeko ahaleginen berri, baita inguru hartan Daniele Nardi eta Tom Ballard erreskatatzeko saioa gomutara ekarri ere. Bideo horretan aurkezten du liburua, labur-labur.

Eta beheko argazkian, Nanga Parbateko espedizio kide bi ageri dira, “Mendi biluzia” liburua eskuratu berritan. Muhammad Ishaq eta Ali Sadpara dira, hurrenez hurren. Ali gailurrean egon zen Alexekin 2016ko igoera mitikoan. Ishaq, berriz, sukaldari aritu zen.

“Mendi biluzia”, Alex Txikonen ibilerak Nanga Parbaten

“Mendi biluzia” esan nahi du Nanga Parbatek eta zortzimilakoen artean teknikoena eta arriskutsuena izateko ospea dauka, K2arekin batera. Izen horixe darama goiburu asteon liburu-dendetara heldu den liburu berriak. Alex Txikonek idatzi du eta bertan mendi horretako bere ibilerak kontatu ditu, bereziki 2016ko neguko igoaldia.

Liburuan lehenengo pertsonan ekarri ditu gogora mendiko gorabeherak, tartean direla Nanga Parbatera igotzeko saiakera guztiak jakina. Testua gutxi balitz, argazki sorta bikainaz jantzita dator. Orrialdeak pasatu ahala, Alex Txikonen buruan egongo gara, espediziokide izango gara, hotza sartuko zaigu barru-barruan, eta haize izoztuak astinduko du gure gorputza… baina, zailtasun ikaragarriei aurpegia emanez, Naga Parbateko gailurrera igoko gara berarekin.

Horrez gain, hurrengo urtean, K2ra igotzeko espedizioan zebilenean, Daniele Nardi eta Tom Ballard alpinistak Naga Parbateko Mummery bidean galduta zeudela jakin eta martxan jarri zuen erreskatean gertatutakoaren berri izango dugu.

“Mundu bat motxilan”, norberaren Everestaren bila

MUNDUMOTXILAN_insta

Everesterako bidean doa Alex Txikon bere motxila lepoan hartuta. Urratsak eman ahala motxila horrekin izango ditu solasaldi luzeak, mendiaz, bizitzaz, kirolaz eta jendetasunaz gogoeta eginez. Txikoni bezala, guri ere lagungarriak izango zaizkigu berbaldi horiek, nork bere Everestaren bila egiten duen bidaia kitzikagarrian makulu eta iparorratz.

Unai Ormaetxearen “Mundu bat motxilan. Alex Txikonen menditazioak” liburu zoragarriak publiko guztiei, baina bereziki gazteei, begira idatzita dago. Beheko estekan, Rafa Ugaldek jarritako hitzaurrea aurkituko duzue, besteak beste. Erdu bada gurekin tontor bila!

MUNDUMOTXILAN_hitzaurrea