
Itzela da Nafarroako oihan-ondasuna, oparo isuria bere geografia zabalean barrena. Liburu berri honek, Paseos por los bosques más bellos de Navarra, 30 ibilbide proposatuko dizkigu zuhaiztien itzalpean egiteko. Mota guztietako arbolak izango ditugu bidaide, Larra aldeko mendi-pinuekin hasi eta gure ibai handienetako (Arga, Aragoi) ibarretako basoetan buka.
Nafarroako oihanen dibertsitatea, kalitatea eta hedadura zabala begi bistakoa da. Liburu honek horietako 30 aukeratu eta bertatik bertara ikustera eramango gaitu. Gehienak txango errazak dira, edonork egiteko modukoak, zuhaitzen abaroan tipi-tapa gozo ibiltzeko pentsatutakoak. Zain ditugu, adibidez, Kintoa, Aralar, Urbasa edo Belaguako pagadi bikainak, Sakana, Orgi (Ultzama) eta Basaburuko hariztiak, Beteluko artadi kantauriarra, Alkozko gaztainondoak, Urdazubiko baso atlantikkoa, Bidankoze, Eguesibar eta Leringo pinudiak, Mendaza eta Untzueko artadi lehorrak eta Aragon ibaiko ibarbasoak, Alesbes eta Azkoien artean. Eta, jakina, ez dugu ahaztu Euskal Herriko oihanetan oihanena, Iratiko pagadi-izeidia alegia.
Gainera, liburuak erreportaje bat dakar Nafarroako basoen eta mota guztietako ontzigintzaren arteko harremanaz.
Egilea Iñaki Vigor da, kazetaria eta mendizalea, Nafarroako geografia goitik behera ibilitakoa. Sua Edizioak-ekin, besteak beste, Mañaneras por Navarra eta Travesía de los mugarris argitaratuta dago.
Lerro hauuen azpian liburuko aurkibidea eta lagin txiki bat utzi dugu, Nafarroako oihan ederretan barrena ibili nahi baduzue. Gozatu!