
Bi urtean behin, Mendifilm jaialdiak eta Sua Edizioak-ek indarrak batzen dituzte euskal mendizaletasunaren gaineko komikia plazaratzeko. Aurtengoa hirugarrena da eta, zalantzarik gabe, zirrara eragingo du. Andres Espinosa. Bakarrik eta libre komikiak bere bizitza harrigarria islatu du. Aitzindaria izatea zer den erakutsiko digu!
Andres Espinosa Etxebarria (1903-1985) zornotzarrak balentria ikaragarriak egin zituen euskal mendizaletasuna abiatu berritan zegoenean. Euskal Herriko mendiak igo eta gero, atzerrira jo zuen abentura bila, baita aurkitu ere: Urriellu soka barik eskalatu zuen, Mulhacen, Veleta eta Teidera bakarrik igo zuen, Mont Blanc eta Cervino bakarrik eskalatu zituen lehenengoa izan zen, Afrika zeharkatu zuen Kilimanjaroko gailurrera heltzeko, Himalaiaraino joan zen bertako tontorren bila… 1936ko gerrak eten zion bidea, baina artean egindakoa edonor harri eta zur uzteko modukoa da.
Haren bizitza dakarren komikian Ramon Olasagastiri zor zaio testua. Ilustrazioak eta koloreak, berriz, César Llagunoren eta Felipe H. Navarroren eskutik etorri dira. Emaitza, zalantzarik gabe, bikaina da, Espinosak merezi zuen neurriko komiki ederra.
Aurretik beste komiki argitaratuta daude Sua Edizioak eta Mendifilm jaialdia elkarlanean. Lehenengoa, 2018an, Everest. Herri bat gailurrean izan zen. 2020an Iñurrategi anaiak. Mendiari bihotz emanak kaleratu zen. Zaletuek harrera ezin beroagoa eman zieten biei.