“Zero azpitik (istorioak)”, Juan Vallejoren mendi ibilerak

Eskalatzaile gutxik eduki du horman zintzilik dagoela hogei bat metrotik behera erori eta bizirik ateratzeko zoria, are gutxiago horma hori Patagonian egonda, non laguntza arin jasotzeko aukerak oso txikiak baitira. Juan Vallejo (Gasteiz, 1970) onik atera zen, zauri larriekin bada ere: hezur-haustura ugari, pneumotoraxa, ebakuntzak, burdinak eta torlojuak gorputz osoan… eta eskalada gehiago ez egiteko boleto guztiak. Bizi ote liteke eskalatzailea hormara igo gabe, mendi altuetan ibili gabe?

Ohean etzanda, altxatu ezinik, Juanek istripuaren unera arte egidako ibilbidea errepasatu du, mendiak zain ote dituen jakin gabe. Pirinioak, Himalaia, Karakorum, Patagonia, Yosemite, Peru, Groenlandia… oroitzapen horietan daude, besteak beste, Juanito Oiarzabal, Alberto Zerain, Edurne Pasaban, Mikel Zabalza, Alberto Iñurrategi… hainbat eta hainbat lagun.

Ibilbide horretako gorengo uneak liburu honetan bildu ditu. Zero azpitik (istorioak) liburuak mendira eramango gaitu, mundu osoko mendietara, soka-lagun handiak ditugula, labar gosez, naturarekin bat egiteko gogoz. Istoriook Ramon Olasagastik ekarri ditu euskarara.

Bizitza bide bat da, eta batek daki hurrengo bihurgunearen ostean zer topatuko dugun.

“Mendia da askatasuna”, Thomas Huber eskalatzaile handiaren lekukotza

Thomas Huber mendizalearen bizitza lerro batekin irudika genezake, labar tentetik gora amildegiari erronka eginez abiatzen den lerro sinestezina. Gazte-gaztetatik eskalatzaile, munduko hormarik bertikalenak igo ditu, porrotak eta garaipenak kateatuz biografia harrigarria osatu arte. Bizipen guzti horiek kontatu ditu, zintzo demonio, Mendia da askatasuna. Bizitza bat muga-mugan liburuan.

Thomas Huber (1966) eskalatzaile eta alpinista amildegiaren ertz-ertzean bizi izan da hamarkadetan. Arrakasta itzelak lortu ditu lehenengo igoerak burutzen eta bide ikusgarriak irekitzen; porrotak ere, ez gutxi, eta aurrera egin izan du istripu larriak eta gaixotasuna bidean azaldu zaizkionean. Beti muga-mugan ibili izan da. Erorikoak akuilu bihurtu dituenez, lur jo duen bakoitzean altxatu egin da. Liburu honetan bere umezaroaz dihardu, Alpeen itzalpean, bere lehenengo ibileren oldarraz, mendiarekiko grinaz, anaitasunaz, ausardiaz eta zalantzaz. Gure garaiko alpinista famatuenetako baten bizipenak dira, askatasunari gorazarre hutsa.

Liburua Iñigo Lizarribarrek itzuli du eta Thomas Huberren bizitzaren lekukotasuna dakarten argazki sorta ederraz jantzita dator. Hemen azpian lagina utzi dugu, nahi baduzue kuku bat egin eskalatzaile handi honen bizitzan.

“Lau elementuen erronka”, Pou anaiak beren gorenean

Gutxitan bezala, liburu honen azalak ezin hobeto islatzen du bere barrualdeko mamia. Hormatzar ezinezkotik gora doaz anaiak, bihotz eta arima ekinean, amildegian dingilizka, helburu helezinaren bila. Horrelakoa da Lau elementuen erronka, Iker eta Eneko Pou eskalatzaileen azken urteotako jarduna bildu duen liburua, goi-mendia eta abentura sinesgaitzak barra-barra, gasteiztar eskalatzaileon bizitzetako ezinbesteko osagaiak dira eta.

Aupa Pou! arrakastatsuan ireki zuten bidetik jarraitu dute bigarren liburu honetan. Ura, sua, airea eta lurra dira lau elementuak eta Pou anaiek eurei lotutako erronkei ekin diete azken urteotan munduko bazter urrunetan: Himalaia, Santo Tomé, Andeetako mendietan… Eskalada gaitzak, ez sinesteko modukoak, natura basati eta, sarritan, kupidagabe baten erdian.

Liburuan ibilera harrigarri horien kontakizuna jaso dute, argazki zoragarrien laguntzaz. Bideoetarako estekak ere tartekatu dituzte, egindakoaren neurria modu are konpletoagoan har dezagun. Emaitza bikaina da, goi-mendiko bizimodua bere horretan islatuta 280 orrialdetan barrena. Eta hori guztia gutxi balitz, eskalada munduko beste anaia ospetsu batzuek, Thomas eta Alexander Huberrek alegia, idatzi dute hitzaurrea.

Nahi baduzue lehenengo begiratua eman, hemen daukazue: