“Aupa Pou”, Pou anaien eskalada abenturak

Liburu-dendetan da, dagoeneko, Aupa Pou. Bizitzari sokaz lotuta liburua. Iker eta Eneko Pou anaiek azken hogei urteotako ibilerak kontatu dituzte, lehenengo aldiz liburu batean. Eta Poutarrek eurek aitortzen duten bezala, hara eta hona ibili dira horma bila bizitza bera abentura etengabea bilakatu arte. Abentura horretan mundu zabalean ibili dira eta pertsona paregabe asko ezagutzeko aukera eduki dute.

Bizitza eta abentura horiek dira liburu honetako mamia. Eta, jakina, liburuak jaso du euren bizitzek nolako aldaketa egin zuten 2000. urtean, haien zaletasunik handiena, mendia, bizimodu ere izango zutela erabaki zutenean. Harrezkero eskalada munduan jorratu duten ibilbide harrigarria edonor txundituta uzteko modukoa da.

Argazki ezin ederragoz jantzita datorren liburua da, gasteiztar anaia bi hauen lanaren neurria egoki ematen dutenak. Eta Eneko Pouk ondu duen testuak Patagoniatik Etxaurira, Tasmaniatik Asturiasera eta Himalayatik Alaskara eramango gaitu. Abentura hutsa.

Lerroon azpian esteka bat utzi dugu, liburuaren sarrera eta atal bat irakurgai jatzeko. Lotu Poutarren sokara!