
Badira liburu batzuk gure apalategian leku nabarmena merezi dutenak, egileei eskatu dioten ahaleginaren handiagatik, egin duten ekarpenagatik eta irakurleek egin dieten harreraren beroagatik. Horietako batzuk klasiko izatera iristen dira. Horietakoa da, zalantzarik gabe, Juan Mari Feliuren “Guía de Montes de Navarra” liburua. Egunotan liburu-dendetara itzuli da, handiago, goitik behera zuzenduta eta egunean jarrita. Nafarroako mendi guztiak, gure esku.
Azken hilabeteotan egilea berriro igo da gidaliburuko mendi guztietara. Ibilbideen egoera aztertu du eta aukera berriak jorratu ditu. Bide eta are tontor batzuk baztertu egin ditu, egoera txarrean daudelako, eta beste batzuk erantsi ditu, interesgarriak direlakoan.
Ahalegin itzela eskatu dio baina azken emaitza ikusgarria da. Orotara, liburu honek 231 igoera bildu ditu. Igo 522 gailurretara igotzen da, aurreko edizioetan baino 35 gehiago. Horien artean dira Euskal Herriko Mendien Katalogoko Nafarroako 215 tontorrak.
Juan Mari Feliu mendizale aditu eta ezaguna da eta lan handia eginda dago mendizaletasuna zabaltzen. Liburu honetan igoeren nondik norakoak jaso ditu eta, gainera, jakingarri teknikoak, ibilbideetako mapak eta, kasu askotan, tontorretako argazkiak.
Iraganaldiak agerian ikusten den baino aztarna sakoanagoa laga du gure paisaian. Egia da gaur egungo produkzio sistemak inposatu digun lur azalaren okupazioak erabateko aldaketa eragin duela, askotan atzera bueltarik gabe. Baina oraindik bada, esate baterako, gure mendietako lehenengo bizilagunen lorratz ugari. Horietako batzuen berezitasuna da tontorretan daudela, goiengo erpinean irmo atxikita. Beharbada aztarna horien gainetik igaro gara, tipi-tapa, mendi buelta eginez, eta ohartu ere ez gara egin. Prehistoriako kastroak dira horiek, antzinako irun edo gaztelu-zaharrak, Burdin Aroan eraikitako herri harresituak. Eurak dira, hain zuzen, Santiago Yanizen 

