Decrecimiento y buen vivir, zer pentsatua ematen duen liburua

DECREGero eta gehiago dira abisua ozen eman duten adituak. Lurra bidegurutzera iristear dago. Eta erabaki beharko dugu: hil ala bizi. Gero eta hurbilago daukagu jasangarria ez den muga arlo nagusietan: klima, oihan-galtzea, ur kutsatuak, biodibertsitatearen murrizketa…

Kinka larri horri aterabidea eskaini nahian desazkundearen teoria sortu da eta bere baitan jokaera jasangarri andana bildu ditu. Besteak beste, elikadura subiranotasuna, ekonomia soziala, ekoizpen eta kontsumo kooperatibak eta era horretako esperientziak. Baina baita hegoaldean ondu dituzten proposamenak, Sumak Kawsay (Bizitze Ona, Ongi Bizitzea edo Biziera Ona) esaten zaiona adibidez. Azken batean, inora ez bide daraman gehiegizko kontsumoa sustatzen jarraitu aurretik, kontuan hartu eta eztabaida sakona merezi duten ideiak.

Sua Edizioakek ia 30 urtez gure ingurua zaintzen laguntzeko ahaleginak egin ditu eta horregatik ekarpen eta gogoeta horiei lekua egin nahi izan die. Euskal Herria Liburuak bildumako titulu berria, Decrecimiento y Buen Vivir Mugarik Gabe gobernuz kanpoko elkarteko hiru adituk idatzi dute. Puri Pérez Rojok, Maite Ezquerro Sáenz eta Jesús González Pazosek denok ulertzeko moduko hizkeraz jardun dute elikadura subiranotasunaz, ekonomia feministaz, elkartasunaren ekonomiaz eta garraio zein energia ereduez, besteak beste. Gainera, liburuan hiru elkarrizketa mamitsu daude: Carlos Taibo irakaslea, Yayo Herrero antropologoa eta Fernando Huanacuni pentsalari aimarari egindakoak alegia.

DECRECIMIENTO-54-55DECRECIMIENTO-72-73

Gorriz jantzitako egunak

20141121_103010Haritz zaharren basoa. Munain-Okariz (Araba).

Bazterrak gorriz jantzi dira egunotan. Edo okrez, horiz, laranjaz. Urtarorik ederrena bere onenak ematen ari da orriak orbel bihurtzen diren bitartean. Etxeko epela utzi eta mendira jotzeko grina hauspotu egin digu. Kolore festa txundigarria dago gure zain.

Hamaika leku egoki daude egun hauetako edertasunaz gozatzeko. Argazkikoa, esate baterako, Entziako mendien abaroan mendez mende hazi den Munain eta Okarizko basoa, haritz zaharren (500 urtetik gorakoak, asko) zuhaiztia. Hori eta beste asko Rutas por los bosques más bellos liburuan ageri dira. Beste aukera klasikoak Aizkorri-Aratz, Aralar, Baztan, Urbasa eta Iratiko oihana izan litezke. Horietara joez gero ere, lagungarriak izango dira Suaren mapa berrituak.

Eta, jakina, zuhaitz zaleak bagara, komeni da zuhaitzen gidaliburua aldean eramatea, aurrean daukagun edertasunaren ardura norena den jakin dezagun.

 

Euskal Herria, gure herria islatzen duen liburua

euskal herria liburua

Euskal Herria liburu bihurtu zaigu Elkar fundazioaren eta Sua argitaletxearen eskutik. Liburu eder eta zoragarri, gure herria zer den lau haizetara zabaltzeko aldarri, gure txikitasunean biltzen den kontinente zabal eta kasik amaiezinaren adierazgarri. Zehatz esatearren, Euskal Herria lau liburu bihurtu da, euskarazkoa, gaztelaniazkoa, frantsesezkoa eta ingelesezkoa alegia, Elkar fundazioaren asmoa baita euskal kultura sustatzea eta Euskal Herria aurkeztea hala hemen bizi garenoi nola kanpotik bisitari datozenei. 

Koloretan emanda datoz 160 orrialdeak, zein baino zein ederragoa. Bertan daude gure naturaren altxorrak (ibaiak, basoak, mendiak, itsasoa, basamortua, fauna eta landaredia), gure hiriak eta gure lantegiak. Horiek denak naturaren eta gizakiaren arteko harremanaren ondorioak dira. Eta herri honetako seme-alaben jardueren emaitzak dira, halaber, liburuaren bigarren zatian ageri diren eremuak: historia, euskara, artea, kirola, musika, antzerkia, literatura, gastronomia…

Elkar fundazioak eta Sua argitaletxeak kaleratu dute liburua. Testuak Hektor Ortegarenak dira eta argazki gehienak, Alberto Murorenak. Eta sekretu bat belarrira: Durangoko Azokan erosten duenak hamabi kantuko cd berezi bat eramango du opari. Kantu horiek, zelan ez, Euskal Herria dute hizpide.

EH_22-13EH_46-47