Euskal Herria liburu bihurtu zaigu Elkar fundazioaren eta Sua argitaletxearen eskutik. Liburu eder eta zoragarri, gure herria zer den lau haizetara zabaltzeko aldarri, gure txikitasunean biltzen den kontinente zabal eta kasik amaiezinaren adierazgarri. Zehatz esatearren, Euskal Herria lau liburu bihurtu da, euskarazkoa, gaztelaniazkoa, frantsesezkoa eta ingelesezkoa alegia, Elkar fundazioaren asmoa baita euskal kultura sustatzea eta Euskal Herria aurkeztea hala hemen bizi garenoi nola kanpotik bisitari datozenei.
Koloretan emanda datoz 160 orrialdeak, zein baino zein ederragoa. Bertan daude gure naturaren altxorrak (ibaiak, basoak, mendiak, itsasoa, basamortua, fauna eta landaredia), gure hiriak eta gure lantegiak. Horiek denak naturaren eta gizakiaren arteko harremanaren ondorioak dira. Eta herri honetako seme-alaben jardueren emaitzak dira, halaber, liburuaren bigarren zatian ageri diren eremuak: historia, euskara, artea, kirola, musika, antzerkia, literatura, gastronomia…
Elkar fundazioak eta Sua argitaletxeak kaleratu dute liburua. Testuak Hektor Ortegarenak dira eta argazki gehienak, Alberto Murorenak. Eta sekretu bat belarrira: Durangoko Azokan erosten duenak hamabi kantuko cd berezi bat eramango du opari. Kantu horiek, zelan ez, Euskal Herria dute hizpide.