“Parque natural y sierra de Aralar”, mendira joateko deia

ARALAR_insta

Gipuzkoa eta Nafarroaren artean, Aralar mendilerroa Euskal Herriko gune natural pribilegiatuetako bat da. Antzinatik populatutako eremu malkartsu honek mendi ikonikoak, artzain-larreak, oihan zabalak, ur-jauzi eta iturburu magikoak, harkaitz harroak, ibar isilak eta itzal handiko santutegiak batzen ditu. Juanjo Garbizu mendizale adituaren “Parque natural y Sierra de Aralar” (Sua Edizioak, 2019) liburuak mendilerro osoa ezagutzeko eta gozatzeko igoerak, zeharkaldiak, txangoak eta ibilaldiak proposatzen ditu, bai Gipuzkoan (parke natural kategoriarekin babestuta dago), bai Nafarroan.

Lerro hauen azpiko estekan aurkibidea eta liburuak dituen hogeita hiru proposamenetako bi utziko ditugu: Pardarri Guardetxetik eta Larraone Amezketatik. Euskal Herrian mendiaz gozatzeko plan itzelak. Ondo ibili!

EH33_ARALAR-1

“Rutas por el Pirineo vasco”, mendizale guztien neurriko igoerak

EH32_PIRI VASCO

Euskal Herrian Pirinioek aurpegi oso desberdinak erakusten dituzte, bailararen arabera. Kostaldeko talaia apaletatik hasita eta bimilako harroetaraino, zazpi aukera eder zabaltzen zaizkio mendizaleari. “Rutas por el Pirineo vasco” (Sua Edizioak, 2019) liburuak, Gorka Lopezek egina, paisaia sorta jori horretan murgiltzen gaitu: Jaizkibel eta Txingudi aldeko itsasbazter paregabea, Xareta, Baztan edo Baigorri gisako ibar atlantiar berde-berdeak, Kintoa eta Iratiko oihanek hesitzen duten erdialdeko Pirinioa eta, azkenik, gure Pirinio garaia, Larra aldean subalpetarra izatera iristen dena.

Pirinioetako mendiak ezagutzeko, gozatzeko eta aldarte onean partekatzeko 29 ibilbide aurkituko ditu irakurleak liburuan. Gailur handiak agertuko dira gure bidean: Bianditz, Lakhura, Orhi, Alkaxuri… Zeharkaldiak ere ez dira falta. Oso egokiak izan daitezke garai honetarako Orreaga eta Orbaizeta lotzen dituena, edo Izabatik Linzara eramango gaituena. Lerroon azpian, liburuko aurkibidea eta, estekan, pdf bat utzi dugu liburutik hartutako ideia bikain batekin: Errozatera igotzea Arpeako haitzulo bitxia eta Errobiko iturbegia bisitatuz. Ondo ibili!

PIRIVASCO_pags

PIRIVASCO_indice

“Planes de fin de semana”, Euskal Herriaz gozatzeko ideia itzelak

EH34_PLANES FINDE

“Planes de fin de semana” liburuak (Sua Edizioak, 2019), Euskal Herrian barrena ibiliz egun zoragarriak emateko hamabost proposamen bildu ditu. Egileak, Alberto Murok alegia, era guztietako planak ehundu ditu, mota guztietako pertsonei leku egiteko asmoz. Horien bidez, Euskal Herriko naturaz, ondareaz, paisaiaz eta jendeaz gozatzeko parada izango dugu. Hasi Arabako Errioxan eta Zuberoaraino, gurdi bete ideia dakar mendian, itsasondoan, ibai-bazterrean eta herrietan gozo-gozo ibiltzeko.

Lerro hauen azpiko estekan liburuko aurkibidea (hamabost proposamenekin), sarrera eta proposamen horietako bat aurkituko duzue. Agramontarren lurraldeetara garamatza, Bastida eta Bidaxune aldera zehatzago esanda, leinu feudal ahaltsuaren gaztelu galduen bila, judutarren aztarna harrigarriak, ibai eta laku ondoko hondartzak eta errekan barrena kayakez egindako txangoak ahaztu barik. Ondo ibili!

EH34_PLANES FINDE_sareak1