Udari etekina atera nahi dionak Euskal Herria Liburuak bildumako ale berrian aurkituko du nondik nora jo. Txusma Perez Azaceta mendizale adituaren eskutik “Rutas circulares fáciles” liburua dator, zeinak 45 ibilbide zirkular bildu dituen, denak zailtasun teknikorik edo bestelako eragozpenik gabekoak eta, jakina, denak Euskal Herrian barrena.
Izan ere, txango eta igoera hauek Euskal Herriko mendien, ibarren, oihanen eta haitzarteen bila abiatzen dira. Basoetan ibili nahi duenak Soila, Itxina, Artikutza edo Bertizko ibilbideak aukera ditzake. Itsasoaren kresal usainaz biziberritu gura duenak, berriz, kostaldeko talaia ederrak dauzka esku-eskura: Ogoño, Ermua (Gorliz), Pagoeta edo Mitxitxola (Jaizkibel). Zelai eta muinoak kateatu nahi izan ezkero, Harana ibarra, Lokizko ordekak, Puron ibaiko arroila, Saldropoko hezegunea edo are Oriol, Txulato edo Montenegro mendiak bisita genitzake. Eta uda tontor garaienetara igotzeko baliatu nahi badugu, egunak luzeagoak eta argia indartsuagoa dela probestuz, liburuak zerrenda ederra dakar aldean, hala klasikoak (Toloño, Orhi, Artzanburu, Lakhura) nola bakartiagoak (Imeleku, Unamendi, Bachicabo, Elimendi).
Egilea, Txusma Perez Azaceta, Euskal Herria osoa goitik behera eta hegotik iparrera ibilita dago. Euskal mendiei buruzko liburu andana argitaratu du eta horietako batzuk, honez gero, klasiko hutsak dira.
Lerroon azpiko estekan, liburuaren aurkibidea, sarrera eta ibilbide bat utzi dizuegu, dastaketa egin nahi baduzue. Ondo ibili!