Inor ez da harrituko Alberto Muro eta Ane Otxoa de Alda, Guía de montes de Bizkaia liburuaren egileak alegia, mendian harrapatu ditugula jakitean. Hala izanda, ur-jauzi baten alboan gelditu eta mezu bat bidali digute, liburuaren berri emateko. Bizkaiko mendiak ezagutu, ibili eta zaindu nahi dituzten guztientzat, ezinbesteko liburua da hau. Hona hemen egileen mezua:
Egunotan heldu da liburu-dendetara Xiberoako xendak. 59 ibilbide. 35 gailur mendi-gida berria. Euskal Herriko herrialderik ttipienak mendi ikusgarriak dauzka bere geografian zehar barreiaturik eta gida honek tontor horietara igotzeko ibilbiderik egokienak bildu ditu.
Pettarra, Arbaila eta Basabürüa aldeko igoerarik kitzikagarrienak aurkituko ditugu liburu honetako orrialdeetan: pagadi zabalez hornitutako Arbailako mendiak, Madalena mitologikoa inguratzen duen mendigunea, Baretouseko ibarretik banatzen duen mendilerroa eta, jakina, Nafarroarekin partekatzen dituen mendi ezaugarriak. Hor azalduko zaizkigu Lakhura, Orhi, Otsogorrigaña…
Egilea Robert Pipas Larrandaburu mendizale ezaguna da. Larraineko seme horrek ibilbiderik politenak aukeratu ditu eta, gainera, Zuberoako kulturako eta historiako hamaika konturen berri eman du, naturaz eta kulturaz batera goza dezagun.
Liburuaren edizio bi plazaratu ditu Sua Edizioak-ek: euskarazkoa, batetik, eta frantsesezkoa bestetik. Zuberoakoaz gain, azken urteotan Nafarroa, Araba eta Gipuzkoako mendi-gidak berritu eta handitu ditu argitaletxeak. Udazkenean Bizkaiko gida kaleratuko du, hori ere goitik behera berritua eta zabaldua. Zuberoakoa da euskaraz agertu den lehenengoa.
Euskal Herria Liburuak bildumako ale berria, Alberto Muroren Parque natural de Urkiola alegia, natura-eremu jori hori ezagutzeko, gozatzeko eta zaintzen laguntzeko gida bikaina da. Paisaia basati horretan haitzak, zelaiak, basoak eta baserriak anabasa ederrean ageri dira. Liburu honek babestutako eremu guztia aurkezten digu, bere balio nagusiak zerrendatzen ditu eta, gainera, parke naturaletik eta inguruetatik hogeita zortzi ibilbide proposatzen ditu.
Ezin bestela izan, gidaliburu mendizalea da hau, oso. Hasteko eta bat, Anbotora igotzeko bide sorta polita eskaintzen du. Anbotoko itzala luzea da Euskal Herriko bailara askotan, mendi ezaugarri eta ikusgarria. Beste txango batzuk Aramotz mendilerro bakartian murgildu dira, edo galtzada zaharretatik abiatu dira, pagadi sarrietan barneratzen dira -Oleta aldean, adibidez-, Baltzola bezalako leku sorginduetara iritsi dira eta, jakina, ikuspegi zabalak eskaintzen dituzten mendi tontorretaraino igo dira, Oriol, Untzillatx, Mugarra edo Saibi kasu.
Alberto Muroren liburuetan gertatu ohi den bezala, bolumen honetako orrialdeak pasatu ahala plazer handia hartuko dugu argazki ederrei esker. Izan ere, kazetari trebea ez ezik, argazkilari aditua da Muro eta bere lan guztietan argi erakusten du. Honetan ere bai. Labur esanda, natura-eremu paregabean ibiltzeko gida bikaina.