“Cumbres anejas”, hurrengo urratsa non eman

Euskal Herria bildumako “Cumbres anejas” liburuak aukera sorta zabaltzea du helburu. Euskal Herritik hurrean dauden mendi ederrak aukeratu eta jorratu dituzte Javi Urrutia eta Rafa Bartolomé mendizale adituek. Gailur harro, bitxi eta erakargarriak dira, Kantabria, Burgos, Errioxa, Soria, Huesca eta Bearno eskualdeetako mugazain prestuak. Han daude, guk harainoko urratsa noiz emango.

Tentagarria da liburu hau mendizalearentzat. Bertan aurkituko ditu Castro Valnera bezalako klasikoak, Kantabria eta Burgos arteko mugan, Zalama zelatatzen; edo Burgosko Tobalina ibarraren buru dagoen Umión lerdena, eta Ebro gainean erraldoi ageri den Moncayo harroa, euskalduntzat jo ohi dugun Auñamendi mitikoa… Orotara 57 mendi igoera proposatu dituzte eta lerroon azpian utzi dugun estekan sakatuta gailur horien zerrenda osoa deskarga daiteke. Aurkibidearekin batera, ibilbide bi paratu ditugu, tentazioan sartu nahi duzuenentzat. Ondo ibili!

Suak Ignaziotar Bidearen gidaliburua kaleratu du

CUBIERTA ignaciano.indd

Orotara 600 kilometrotik gora eta 27 etapa bete behar dira Loiolako santutegitik Manresaraino joateko. Leku bi horiek San Ignazioren bizitzan eragin handia eduki zuten eta orain ibilbide seinaleztatu batek lotzen ditu. Sua Edizioak-ek “Guía del Camino Ignaciano” argitaratu berri du, Loiolako Enekok duela ia 500 urte egin zuen bidaia egin nahi dutenentzat ezinbestekoa.

Ignaziotar Bidea 2012an sortu zuten santuak 1522an urratu zituen 650 kilometroak zedarritzeko. Orduko hartan Loiolako haren etxetik atera eta, krisi pertsonal sakonean zegoela, Montserrateko santutegiraino joan zen. Handik Manresa ondoko haitzulo batera aldatu zen. Bere azken helburua Jerusalen zen eta, geldialdiak geldialdi, azkenean hara ere iritsi zen, Bartzelonan ontziratu ostean. Bidaia hartan lehengo gerlaria fededun bihurtu zen: Loiolako Enekok zaldun jantziak erantzi eta arlote baten gisa bizi izan zen Manresako kobazuloan, haren bizitzaz eta erlijioaz gogoeta egiten zuen bitartean.

Gaur Loiola eta Manresa bitarteko bidea egin dezakegu gezi laranjei kasu eginez. Ibar berde euritsuetan barrena ibiliko gara, Errioxako mahastien ondotik, Erriberako olibadietatik, Kataluniako Bagéseko goi ordekatik eta Monegroseko basamortu bakartitik. Aizkorri, Entzia edo Kodeseko mendietako magaletatik gora eta behera aurrera egin ondoren katedral ederrak ikusiko ditugu (Tutera, Zaragoza…) Montserrateko santutegi mitikora heldu aurretik.

Gidaliburu hau hiru kazetari adituen lanaren emaitza da: Sergi Ramis, César Barba eta Daniel Burgui. Liburuak etapa guztien deskribapena dakar eta ibilbideko mugarririk garrantzitsuenak non dauden zehaztu ditu. Gainera, argazkiak, mapak eta bidean azalduko zaigun natura, historia eta kultura arloetako ondarearen gaineko jakingarriak bildu ditu.

This slideshow requires JavaScript.