“Parque natural de Izki”, altxor ederra denon eskura dago

EH37_IZKI(cubierta).indd

Urte berriarekin batera Euskal Herria Liburuak bildumak argitara atera du oharkabean igaro izaten den altxor ikaragarria: Izkiko parke naturala (Araba), gure herriko biodibertsitatearen tenpluetako bat, oihan, troka, hezegune eta tontor ederren paradisua. Eremu harrigarri hori, gutako gehienontzat ezezagun eta, oro har, gutxitan bisitatua, Jonathan Rubines biologoaren eskutik ezagutuko dugu.

Orotara 9.143 hektarea zabal da Izkiko parke naturala eta Arabako Mendialdeko eskualde ikusgarrian dago. Bere zabalean, hamaika pasaia liluragarri batzen ditu. Guztien artean nabarmentzen da, zelan ez, Euskal Herriko ameztirik zabalena (3.600 hektarea), baina ez dira gutxi pagadi itzelak (batez ere iparraldean), artadi sarriak, haltzadiak… Oihan ederrez gain, Izkik natura-bizitza oparoa gorde du, dela arrano beltza, saizuria edo okil ertaina, hezeguneetan gaindi ibiltzen den sorgin-orratza sorta joria ahaztu gabe.

Liburuaren egilea Jonathan Rubines da, biologoa eta eremu naturalen kudeatzailea. Bertatik bertara ezagutzen ditu Izkiko bazter guztiak. Hogei ibilbide aukeratu ditu Izkiko parke naturala eta inguruak denon esku jartzeko. Harri eta zur ibiliko gara baso itzel, haitzarte harrigarri, ur-jauzi dotore eta mendi tontor lerdenetatik.

This slideshow requires JavaScript.

Nerbioiko ur-jauzia, txori-begiz

Martxoan bidali ziguten HDpro enpresakoek Nerbioiko ur-jauzi ikusgarriaren bideo hau. Dron bidez egin zuten grabaketa eta horri esker paraje liluragarri horretako ezohiko ikuspegia eskaintzen du. Ezin izan diogu gure blog sortu berrira ekartzeko tentaldiari eutsi. Hemen daukazue Nerbioiko ur-jauzia, 220 metroko saltoa, txori-begiz ikusita.

Salto del Nervión from HDpro on Vimeo.

Nerbioiko ur-jauzia Burgos eta Araba arteko mugan dago, Gorobel-Salbada eta Gibijoko mendilerroak elkartzen diren aldean. Euri edo elur handien ostean agertzen da ur-saltoa. Bertara heltzeko biderik ohikoena Urduñako mendate gainetik abiatzen da.

Urederrara joan aurretik lekua eskatu behar da

Urederra (Bakedao, Ameskoabarren). Argazkia: Patxi Uriz / Nafarroako Gobernua. 

Aste Santuaz gero, Nafarroako Gobernuak 450 pertsonara mugatu du Urederra ibaiaren sorburuan une berean egon daitekeen bisitari kopurua. Muga hori ezartzeko arrazoia naturgune zoragarri hori babestea da. Egin kontu, 2013an 103.000 lagun hurreratu zen bertaraino. Erreserba hemen egin daiteke, edo, oraingoz, Urederrara iristeko bidean bertan, baina jendeak baldintza berriak jakin ahala azken aukera hori gero eta murritzagoa izango da.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, erabaki horrek Bakedaoko kontzejuak egindako eskariari erantzun dio. Bakedao Urederrako ubegietatik hurbilen dagoen herria da eta azken urteotan bisitari kopurua nabarmen hazi dela ikusi du: 2009an 53.000 lagun izan ziren eta bost urte geroago ia halako bi.

Urederra ibaiareko sorburua Ameskoabarren udalerrian dago, Urbasa mendiko oinetan. Urbasako natur parkearen baitan txertatuta dago, natur erreserba gisa sailkatua eta babestua. Berez, Urbasako mendiguneko erraietako uren aterabidea da eta, hamaika ur-jauzi eta urdin turkesa koloreko osinen laguntzaz paisaia liluragarria osatzen du.