Nerbioiko ur-jauzia, txori-begiz

Martxoan bidali ziguten HDpro enpresakoek Nerbioiko ur-jauzi ikusgarriaren bideo hau. Dron bidez egin zuten grabaketa eta horri esker paraje liluragarri horretako ezohiko ikuspegia eskaintzen du. Ezin izan diogu gure blog sortu berrira ekartzeko tentaldiari eutsi. Hemen daukazue Nerbioiko ur-jauzia, 220 metroko saltoa, txori-begiz ikusita.

Salto del Nervión from HDpro on Vimeo.

Nerbioiko ur-jauzia Burgos eta Araba arteko mugan dago, Gorobel-Salbada eta Gibijoko mendilerroak elkartzen diren aldean. Euri edo elur handien ostean agertzen da ur-saltoa. Bertara heltzeko biderik ohikoena Urduñako mendate gainetik abiatzen da.

Urederrara joan aurretik lekua eskatu behar da

Urederra (Bakedao, Ameskoabarren). Argazkia: Patxi Uriz / Nafarroako Gobernua. 

Aste Santuaz gero, Nafarroako Gobernuak 450 pertsonara mugatu du Urederra ibaiaren sorburuan une berean egon daitekeen bisitari kopurua. Muga hori ezartzeko arrazoia naturgune zoragarri hori babestea da. Egin kontu, 2013an 103.000 lagun hurreratu zen bertaraino. Erreserba hemen egin daiteke, edo, oraingoz, Urederrara iristeko bidean bertan, baina jendeak baldintza berriak jakin ahala azken aukera hori gero eta murritzagoa izango da.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, erabaki horrek Bakedaoko kontzejuak egindako eskariari erantzun dio. Bakedao Urederrako ubegietatik hurbilen dagoen herria da eta azken urteotan bisitari kopurua nabarmen hazi dela ikusi du: 2009an 53.000 lagun izan ziren eta bost urte geroago ia halako bi.

Urederra ibaiareko sorburua Ameskoabarren udalerrian dago, Urbasa mendiko oinetan. Urbasako natur parkearen baitan txertatuta dago, natur erreserba gisa sailkatua eta babestua. Berez, Urbasako mendiguneko erraietako uren aterabidea da eta, hamaika ur-jauzi eta urdin turkesa koloreko osinen laguntzaz paisaia liluragarria osatzen du.