Urederra (Bakedao, Ameskoabarren). Argazkia: Patxi Uriz / Nafarroako Gobernua.
Aste Santuaz gero, Nafarroako Gobernuak 450 pertsonara mugatu du Urederra ibaiaren sorburuan une berean egon daitekeen bisitari kopurua. Muga hori ezartzeko arrazoia naturgune zoragarri hori babestea da. Egin kontu, 2013an 103.000 lagun hurreratu zen bertaraino. Erreserba hemen egin daiteke, edo, oraingoz, Urederrara iristeko bidean bertan, baina jendeak baldintza berriak jakin ahala azken aukera hori gero eta murritzagoa izango da.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, erabaki horrek Bakedaoko kontzejuak egindako eskariari erantzun dio. Bakedao Urederrako ubegietatik hurbilen dagoen herria da eta azken urteotan bisitari kopurua nabarmen hazi dela ikusi du: 2009an 53.000 lagun izan ziren eta bost urte geroago ia halako bi.
Urederra ibaiareko sorburua Ameskoabarren udalerrian dago, Urbasa mendiko oinetan. Urbasako natur parkearen baitan txertatuta dago, natur erreserba gisa sailkatua eta babestua. Berez, Urbasako mendiguneko erraietako uren aterabidea da eta, hamaika ur-jauzi eta urdin turkesa koloreko osinen laguntzaz paisaia liluragarria osatzen du.