“Pueblos con encanto de Gipuzkoa”, Gipuzkoako herrien ederra

EH38_GIPUZKOA_pueblos

Gipuzkoan baserriak mendixketara igotzen dira muino eta goiko larreen bila, handik itsasoaren urdina eta mendi garaien gandorrak ikusiko dituztelakoan. Herrigune txikiak, jende abegikorrari, ondare ikusgarriari eta berezko xarmari eutsi dioten herri horiek alegia, bailara eta zokondoetan barrena barreiatuta daude. Horietako hogeita hamar aukeratu dituzte Joana Garcia eta Txemi de los Doloresek “Pueblos de Gipuzkoa con encanto” liburua atontzeko. Banaka deskribatu eta erretratatu dituzte, beti ere mimo handiz, denon esku diren bezain ederrak uzteko. Kalez kale ibiltzeko gonbitaz gain, inguruetatik txango bana proposatu digute, Gipuzkoako ederrekin ase arte.

Horrelakoetan esan ohi den bezala, liburuan ez daude diren guztiak, baina dauden guztiak badira. Nahikoa da beheko estekan klikatzea esaten dugunaren egia baieztatzeko. Hartu gozatua Gipuzkoako herriekin!

GIPUZKOA_ERREZIL-gehigarria

Etxetik irten gabe: hegaztiak Organbidexkatik gora

EHL_36 ANIMALESmtdo

Egunotako konfinamenduak naturarekiko harreman estuagoaren oroimina piztu du gutako askorengan. Oihanean ibili, itsasora irten, tontor edo harrateetatik paisaiak ikusi, haitzarteetan barneratu… Beti ere inguruneari, landarediari eta faunari zor diogun begirunerik handienaz. Horregatik, gaur zuen esku utziko dugu “Rutas para observar animales” (Sua Edizioak, 2019) liburu bikainak dakartzan hogeita hamar proposamenetatik bat. Klikatu beheko irudien gainean eta goazen Mar Ramírez eta Juan Carlos Muñoz adituekin batera Zuberoako Organbidexkara, Iratiko oihanaren gaineko mendilepora alegia, gure buruen gainetik milaka hegazti nola igarotzen diren ikustera.

 

“Rutas para observar animales”  liburuan egileek hogeita hamar proposamen batu dituzte, hasi Bizkaiko Golkoko uretan eta Pirinioetako gailur garaietan amaitu, basoak, Bardeetako basamortua, itsaslabarrak eta zingirak bisitatu ostean. Txango horietan zetazeoak, tximeletak, oreinak eta milaka hegazti ikusiko ditugu, besteak beste. Kontatu, trebeziaz kontatu digu Mar Ramirezek, eta irudietan islatu Juan Carlos Muñozek egin du, bere ohiko maisutasunaz.

This slideshow requires JavaScript.

 

“Rutas para descubrir Aragón”, autoz egiteko hamaika txango zoragarri

azalaAragoi

Kalean da “Rutas para descubrir Aragón. Los mejores itinerarios en coche”, Aragoik gorde dituen natura-, kultura-, gastronomia- eta paisaia-altxorrak aurkitzeko txangorik onenen bilduma. Hamaika ibilbide dira, Aragoin zehar goitik behera eta ezker-eskuin ibiltzeko, hasi Anso ibarrean eta Maestrazgoraino.

Autoz egiteko txango hauetan Pirinioetako gailur itzelak, mudejar eta erromaniko estiloko arte alerik ederrenak, jatorri izendapena daukaten produktuak –urdaiazpikoa, ardoa, trufak, bildotsa…- eta parajerik liluragarrienak aurkituko ditugu. Hirietako turismoa ahaztu barik, jakina, horretarako daude eta hiru hiriburuak.

Liburuan informazio guzti-guztia aurkituko ditugu, hala txango bakoitza egin ahal izateko nola lekuan lekuko altxorrekin gozatu ahal izateko. Argazki ederrez hornituta dator, bai eta errepide-mapekin ere.

Egilea Jordi Bastart da, eskarmentu handiko idazle eta argazkilaria, hamaika bidaia-libururen sortzailea. Liburu hau Sua Edizioak-en “En ruta” bildumako bosgarrena da. Aurretik, besteak beste, “Rutas para descubrir Lleida” eta “Rutas para descubrir Barcelona” agertu dira, biak ala biak Jordi Bastartek egindakoak, hala gaztelaniaz nola katalaneraz.

This slideshow requires JavaScript.