
Zer esana ematen ari da Euskal Herriko Bira. Autoz egiteko ibilbide handia liburu berria. Izan ere, Jordi Bastartek idatzitako gida honek bederatzi etapa eta 1.130 kilometroko ibilbidea marraztu du zazpi herrialdeetan barrena gure herria hobeto ezagutzeko, bertatik bertara gozatzeko eta, azken finean, gehiago maitatzeko. Baina, nondik nora doa Euskal Herriko Bira? Galdera ona, nondik norakoak benetan kitzikagarriak dira eta.
Alde batetik, ibilbidea euskal kostalde osoari itsatsita doakio, hasi Muskizen eta Baionako barraraino. Kresalaren ostean, ibar berdeetako eta mendi altuetako belar bustiaren usaina segituko dio. Ondoren, oihan zabalak, gari-sailak, ardantzeak eta haitzarteak tartekatuko dira gure bidean, bat-batean basamortuarekin tupust egin arte. Eskualde bakartiak zeharkatuko ditugu, baina baita hiriburu guztiak (Maule izan ezik) eta hiri nagusietako asko.
Horixe da, hain zuzen, bidaia honen ezaugarririk behinena: kilometro gutxitan paisaia sorta joria ikusiko dugu: ur-jauzi ikusgarriak, gatz-harana, milioi bat lagun bizi den metropolia, haitzulo ikusgarriak, Erdi Aroko hiribilduak, portuetako giroa, Bardeetako mortuak, Larrako goi-mendia, mahastiak… Beheko irudian ageri da liburuak proposatzen duen ibilbidea.

Jakina, liburua ez da mapa hutsa. Etapa bakoitzaren nondik norakoekin batera, zazpi jakingarri, proposamen, ideia eta otordu kitzikagarri dakar gu tentatzeko. Azken finean, egun osoko ibilbidea 130en bat kilometrokoa bada batez beste, bidean egingo ditugun geldialdiek markatuko dute gure bidaia. Lerron azpian klik eginda, pdf deskargatu ahal duzue, ibilbidearekin, sarrerarekin eta orrialde pare batekin, liburuaren erakusgarri. Ondo ibili!