“Euskal Herriko bira”ren nondik norako kitzikagarriak

Zer esana ematen ari da Euskal Herriko Bira. Autoz egiteko ibilbide handia liburu berria. Izan ere, Jordi Bastartek idatzitako gida honek bederatzi etapa eta 1.130 kilometroko ibilbidea marraztu du zazpi herrialdeetan barrena gure herria hobeto ezagutzeko, bertatik bertara gozatzeko eta, azken finean, gehiago maitatzeko. Baina, nondik nora doa Euskal Herriko Bira? Galdera ona, nondik norakoak benetan kitzikagarriak dira eta.

Alde batetik, ibilbidea euskal kostalde osoari itsatsita doakio, hasi Muskizen eta Baionako barraraino. Kresalaren ostean, ibar berdeetako eta mendi altuetako belar bustiaren usaina segituko dio. Ondoren, oihan zabalak, gari-sailak, ardantzeak eta haitzarteak tartekatuko dira gure bidean, bat-batean basamortuarekin tupust egin arte. Eskualde bakartiak zeharkatuko ditugu, baina baita hiriburu guztiak (Maule izan ezik) eta hiri nagusietako asko.

Horixe da, hain zuzen, bidaia honen ezaugarririk behinena: kilometro gutxitan paisaia sorta joria ikusiko dugu: ur-jauzi ikusgarriak, gatz-harana, milioi bat lagun bizi den metropolia, haitzulo ikusgarriak, Erdi Aroko hiribilduak, portuetako giroa, Bardeetako mortuak, Larrako goi-mendia, mahastiak… Beheko irudian ageri da liburuak proposatzen duen ibilbidea.

Jakina, liburua ez da mapa hutsa. Etapa bakoitzaren nondik norakoekin batera, zazpi jakingarri, proposamen, ideia eta otordu kitzikagarri dakar gu tentatzeko. Azken finean, egun osoko ibilbidea 130en bat kilometrokoa bada batez beste, bidean egingo ditugun geldialdiek markatuko dute gure bidaia. Lerron azpian klik eginda, pdf deskargatu ahal duzue, ibilbidearekin, sarrerarekin eta orrialde pare batekin, liburuaren erakusgarri. Ondo ibili!

Hemen da “Rutas para conocer los Pirineos. Los mejores itinerarios en camper”, udako abentura

CAMPER_PIRI_enruta_CUBIERTA_DEF.indd

Bidaia furgonetaz egiten badugu, balio berezia erantsiko diogu gure esperientziari: askatasuna izango dugu bidaide. Pirinioetan barrena abiatzen bagara, askatasunak Europako eremu natural eder eta basatienetako batean lagunduko gaitu. “Rutas para conocer los Pirineos. Las mejores rutas en camper” gidaliburu berria mendilerroko isurialde bietatik ausartu da eta proposatzen dituen planak bereziki pentsatuta daude furgonetaz doazenentzat: bisitak, txangoak eta igoerak (trackak deskargatzeko QR kodeak dakartza), lo egiteko lekuak (gps koordenadekin)…

Egileek, Loli Flores eta Mario Cruzek alegia, euren ibilbidearen berri eman dute nork berea planifika eta osa dezan gero. Camperrez bidaiatzeak horixe ematen digu eta, plana eta errepidea noiznahi alda ditzakegula alegia.

Zertaz hitz egiten ari garen argiago ikusteko, lerroon azpiko estekan liburuko sarrera, ibilbidea eta bisitatutako leku batzuk utzi ditugu, zuen esku. Hartu furgoneta eta ekin bideari!

CAMPER_PIRI_enruta_SAREAK