Egunotako konfinamenduak naturarekiko harreman estuagoaren oroimina piztu du gutako askorengan. Oihanean ibili, itsasora irten, tontor edo harrateetatik paisaiak ikusi, haitzarteetan barneratu… Beti ere inguruneari, landarediari eta faunari zor diogun begirunerik handienaz. Horregatik, gaur zuen esku utziko dugu “Rutas para observar animales” (Sua Edizioak, 2019) liburu bikainak dakartzan hogeita hamar proposamenetatik bat. Klikatu beheko irudien gainean eta goazen Mar Ramírez eta Juan Carlos Muñoz adituekin batera Zuberoako Organbidexkara, Iratiko oihanaren gaineko mendilepora alegia, gure buruen gainetik milaka hegazti nola igarotzen diren ikustera.
“Rutas para observar animales” liburuan egileek hogeita hamar proposamen batu dituzte, hasi Bizkaiko Golkoko uretan eta Pirinioetako gailur garaietan amaitu, basoak, Bardeetako basamortua, itsaslabarrak eta zingirak bisitatu ostean. Txango horietan zetazeoak, tximeletak, oreinak eta milaka hegazti ikusiko ditugu, besteak beste. Kontatu, trebeziaz kontatu digu Mar Ramirezek, eta irudietan islatu Juan Carlos Muñozek egin du, bere ohiko maisutasunaz.