Hegaztiak ikusteko arorik ederrena, ate joka

PLANES CON NIÑOSHegaztiak ikusten Plaiaundi aldean (Txingudi, Irun). Argazkia: Sua Artxiboa. 

Lehengo astean joan ziren enarak Ibarrangeluko baserriko etartetik, beste leku askotatik bezala. Agur esan barik joan ziren, uda gurean eman ostean, Afrika helmuga. Agur esan gabe baina datorren urtean atzera etortzeko asmo irmoaz. Lehengo astean joan ziren, halaber, Urdaibaiko paduretako arrano arrantzale gazteak, Afrikarako haien lehenengo hegaldia egitera. Joan-etorrikoa izan dadila!

Enarak badoaz, uda hondarretan dagoen seinale. Udazkenean hegazti-saldo itzelak gehiago batuko dira, hala bortu eta harrateetan nola padura eta hezeguneetan, migrazioan doazela. Aro egokia da kostaldetik sartzen direnak ikusteko (Jaizkibel, Matxitxakoko itsasargi zaharreko behatoki zabaldu berria…), zein mendate altuetatik haien zain egoteko (Lindus, Organbidexka…). Sasoi polita da, halaber, itsasbazterreko paduretan babesten diren ehunka aleak zertan diren ikustera joateko (Urdaibai Bird Center, Txingudiko Plaiaundi, Aturriko eta Urdazuriko zingirak…). Eta, ezin ahaztu, barrualdeko hezeguneetan milaka hegazti batuko dira ikuskizun zoragarriak eskainiz, adibidez, Pitillas eta Vianako Las Cañas aintziretan, Salburuan (Ataria begiralekua), Guardiakoetan edo Urrrunaga zein Uribarri-Ganboako urtegietan.

Eta hegaztiak ikustera joanez gero, lagungarria izango zaigu Euskal Herriko hegaztien gidaliburu bikaina. Bertako testuei eta Calros Silvarren marrazki ikusgarrien bidez erraza izango da paraje eder horietako hegaztiak zeintzuk diren zehaztea.

Euskal Herriko Donejakue bideak, tentazio hutsa

portada EH Santiago.indd

Euskal Herria Liburuak bildumako azal berria.

Abuztuko bigarren astean kaleratuko da ‘Todos los Caminos de Santiago que cruzan Euskal Herria’ (Euskal Herriko Donejakue bide guztiak). Ander Izagirre kazetari eta bidaiari adituak idatzi du. Gidaliburua Euskal Herria bildumako laugarren zenbakia izango da.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Izenburutik bertatik iragartzen duen bezala, Euskal Herria korritzen duten Donejakue bide guztiak batu ditu liburu berri horrek, hasi bide nagusitik (frantses bidea edo Nafarroako bidea esaten zaiona) eta segi itsasbazterreko bidetik (Camino del Norte edo Kostaldeko bidea, Baiona-Cobarón), Gipuzkoa eta Arabatik doana (Barnealdeko Bidea, Irun-Haro), Baztangoa (Baiona-Iruñea) eta Aragoikoa (Jakatik Gareseraino doa bertan Nafarroakoarekin bat egiteko). Barnealdeko Bidearen aldaerak ere jaso ditu gidaliburuak.

Ibibide bakoitza etapatan banatuta azalduko ditu gidaliburuak. Atal bakoitzean deskribapen zehatza (hala ibilbidea nola aurrera egin ahala azalduko zaizkigun harribitxiak), mapa, argazkiak eta gida praktikoa aurkituko du irakurleak. Eta hori guztia Ander Izagirrek ohi duen idazkera atsegin eta erakargarriaz. Donostiarra kazetari, idazle eta bidaiari petoa dugu eta hori igarri egiten da. ‘Todos los Caminos de Santiago que cruzan Euskal Herria’, gidaliburua eta… tentazio hutsa.

SANTIAGO.inddSANTIAGO.indd

Liburuko orrialdeak erakusgarri. Goian, Kostaldeko bidea; behean, berriz, Nafar Bidea. 

Udan, mendia eta hondartza

zarautzmollarritikArgazkia: Txusma Perez Azaceta.

Garai egokia da, zinez, udakoa, mendizaleak kostaldera hurreratzeko. Tontor apalak izaten dira itsasbazterrean daudenak, altuera xumekoak. Baina, ordainean, ikuspegi ederrak eskaintzen dituzte, talaia bikainak izan baitira mendeetan itsasoko zerumuga zelatatzeko. Eta, gainera, aukera ematen dute hondartzan, portu ondoan edo kala bakartiren batean txonbo egiteko.

Mendi asko izan daitezke horrelako goizpasa egiteko egoki-egokiak. Serantes Santurtzin, Ermua Gorlizen, Katillotxu Mundakan, Ogoño Elantxoben, Otoio Lekeition, Deba eta Zumaia arteko eremuak, Mollarri Zarautzen, Mendizorrotz Orion, Igeldo eta Ulia Donostian, Jaizkibel Pasaia eta Hondarribia artean… Lapurdin ez dago halako talaia garbirik, baina Itsasertzeko Xendrak aukera paregabea ematen du era horretako planak egiteko.

Esaten dugunaren lekuko, goiko argazkia, lehenengo igandean Zarauzko Mollarrin hartutako irudi bitxia: mendizaleak eta surfzaleak ilaran, mendian behera, Zarauzko hondartza helburu. Eta urrutian, Getariako San Anton, zelatari.

Itsasondoan ibiltzea laket zaienentzat argitaratu zuen Sua Edizioak-ek ‘Trekking de la Costa Vasca’ gidaliburu bikaina. Ander Izagirreren testuez eta Alberto Muroren argazkiez, Baionan hasi eta Cobaron (Muskiz) aldean amaitu, euskal kostaldea tipi-tapa urratzeko gonbitea dakar, hamahiru etapatan.