Udan, mendia eta hondartza

zarautzmollarritikArgazkia: Txusma Perez Azaceta.

Garai egokia da, zinez, udakoa, mendizaleak kostaldera hurreratzeko. Tontor apalak izaten dira itsasbazterrean daudenak, altuera xumekoak. Baina, ordainean, ikuspegi ederrak eskaintzen dituzte, talaia bikainak izan baitira mendeetan itsasoko zerumuga zelatatzeko. Eta, gainera, aukera ematen dute hondartzan, portu ondoan edo kala bakartiren batean txonbo egiteko.

Mendi asko izan daitezke horrelako goizpasa egiteko egoki-egokiak. Serantes Santurtzin, Ermua Gorlizen, Katillotxu Mundakan, Ogoño Elantxoben, Otoio Lekeition, Deba eta Zumaia arteko eremuak, Mollarri Zarautzen, Mendizorrotz Orion, Igeldo eta Ulia Donostian, Jaizkibel Pasaia eta Hondarribia artean… Lapurdin ez dago halako talaia garbirik, baina Itsasertzeko Xendrak aukera paregabea ematen du era horretako planak egiteko.

Esaten dugunaren lekuko, goiko argazkia, lehenengo igandean Zarauzko Mollarrin hartutako irudi bitxia: mendizaleak eta surfzaleak ilaran, mendian behera, Zarauzko hondartza helburu. Eta urrutian, Getariako San Anton, zelatari.

Itsasondoan ibiltzea laket zaienentzat argitaratu zuen Sua Edizioak-ek ‘Trekking de la Costa Vasca’ gidaliburu bikaina. Ander Izagirreren testuez eta Alberto Muroren argazkiez, Baionan hasi eta Cobaron (Muskiz) aldean amaitu, euskal kostaldea tipi-tapa urratzeko gonbitea dakar, hamahiru etapatan.

 

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s