
Euskal Herriko mendizaletasunean, Himalaiako mendiei dagokienez batez ere, erreferentzia nagusietako bat Edurne Pasaban izan da, munduko 14 zortzimilakoak igo zituen lehen emakumea. Edurne komikian, bere kirol ibilbidea modu kitzikagarrian ezagutuko dugu, berarekin batera ibiliko baikara tontor helezinetarako bidean.
Bide hura zelan hasi eta norekin egin zuen topo ere jakingo dugu. Agertuko dira, jakina, beste emakume batzuk, hala nola, Pili Ganuza, Amaia Aranzabal, Miriam Garcia Pascual, Gerlinde Kaltenbruner, baita gizonak ere: Juanito Oiarzabal, Juan Vallejo, Mikel Zabalza… Eta berarekin batera, elurrak hartuko du protagonismoa. Komikiaren ardatza izango da, bere izenarekin eta bizitzarekin lotura argia baitu.
Komikiaren gidoia Ramon Olasagasti kazetari adituari zor zaio. Komikigintzaz, berriz, César Llaguno, Felipe H. Navarro eta Pedro Villarejo arduratu dira. Sua Edizioak argitaletxearen eta Mendi Film festibalaren arteko edizioa da, eta euskal mendizaletasunaren mugarriak biltzea helburu duen bildumaren laugarren titulua da. Aurrekoak honako hauek izan dira: Everest. Herri oso bat gailurrean; Iñurrategi anaiak. Mendiari bihotz emanak; eta Andres Espinosa. Bakarrik eta libre.
Goi-mailako sokada horrek emaitza paregabeen gailurrera eraman gaitu. Lerroon azpian, lagin bat utzi dugu, esaten dugunaren erakusgarri:
