“Euskal Herria. 56 ibilbide xendazaleentzat”, gure herria goitik behera ibiltzeko makulua

Liburu ederra ondu du Mikel Arrizabalagak Euskal Herriko paraje sorta eder bat guztion esku jartzeko. Euskal Herria. 56 ibilbide xendazaleentzat liburu berriak zazpi herrialdeetan barrena eramango gaitu mendi, oihan, ibai, haitzarte, begiratoki, ur-jauzi eta galtzada zaharren bila.

Azaletik bertatik ematen digu abisua, Atxarre menditik Oka ibaiaren bokale paregabea erakusten duen argazkiaren bidez: liburu honek Euskal Herriko leku zoragarriak erakutsiko dizkigu, ezker-eskuin, ipar eta hego, paisaia mota asko daudelako zazpi herrialdeetan eta denetan ederrik dago. Orrialdeotan zain ditugu itsasaldeko talaiarik ederrenak, oihan sarriak, ibaiak eta aintzirak, ur-jauziak eta padurak, tontorrak eta haitzarteak, gazteluak, ermitak eta megalitoak.

Proposamen guztiak xendazaleentzat pentsatuta daude. Alegia, desnibel gutxiko ibilbideak dira, eta ez oso luzeak. Ibilbideen deskribapenei argazki ederrak, jakingarri praktikoak eta mapa bana erantsi zaizkie, arazorik gabe egin ahal izateko.

Mikel Arrizabalaga mendizale aditua da eta zazpi hedabidetan kolaboratu izan du. Sua Edizioak-ekin, besteak beste, Aiako Harria parke naturala eta Jaizkibel liburua plazaratuta dago.

Liburuko orrialdeetan kuku bat egin nahi dutenentzat, lerroon azpian lagin bat utzi dugu. Ondo ibili!

“Edurne Pasaban”, mendi ibilbide kitzikigarriaren komikia

Euskal Herriko mendizaletasunean, Himalaiako mendiei dagokienez batez ere, erreferentzia nagusietako bat Edurne Pasaban izan da, munduko 14 zortzimilakoak igo zituen lehen emakumea. Edurne komikian, bere kirol ibilbidea modu kitzikagarrian ezagutuko dugu, berarekin batera ibiliko baikara tontor helezinetarako bidean.

Bide hura zelan hasi eta norekin egin zuen topo ere jakingo dugu. Agertuko dira, jakina, beste emakume batzuk, hala nola, Pili Ganuza, Amaia Aranzabal, Miriam Garcia Pascual, Gerlinde Kaltenbruner, baita gizonak ere: Juanito Oiarzabal, Juan Vallejo, Mikel Zabalza…… Eta berarekin batera, elurrak hartuko du protagonismoa. Komikiaren ardatza izango da, bere izenarekin eta bizitzarekin lotura argia baitu.

Komikiaren gidoia Ramon Olasagasti kazetari adituari zor zaio. Komikigintzaz, berriz, César Llaguno, Felipe H. Navarro eta Pedro Villarejo arduratu dira. Sua Edizioak argitaletxearen eta Mendi Film festibalaren arteko edizioa da, eta euskal mendizaletasunaren mugarriak biltzea helburu duen bildumaren laugarren titulua da. Aurrekoak honako hauek izan dira: Everest. Herri oso bat gailurrean; Iñurrategi anaiak. Mendiari bihotz emanak;  eta Andres Espinosa. Bakarrik eta libre.

Goi-mailako sokada horrek emaitza paregabeen gailurrera eraman gaitu. Lerroon azpian, lagin bat utzi dugu, esaten dugunaren erakusgarri:

“Malen intsektuen munduan”, intsektuak etxeko txikien neurrira azalduta

Badakizu polinizazioa zer den? Eta intsektuen eta loreen arteko harremana nolakoa den?
Sartu nahi duzu erle baten lurrazpiko etxean? Goazen ba! Malenen adiskide berri eta bitxiarekin egingo dugu hegan eta polinizazioaren munduan sartuko gara. Intsektuentzat etxe bat egiten ikasiko duzu eta beste hainbat gauza berezi, izugarri, erakargarri eta dibertigarriak deskubrituko dituzu.

Malen intsektuen munduan ipuina etxeko bihurrei intsektuak zertan diren azaltzeko eta haien interesa pizteko modu bikaina da. Umeen neurriko kontakizun honek intsektuen eta landareen mundu liluragarrietarako atea zabalduko die modu kitzikagarrian. Ipuin ilustratua den heinean, atsegin handiz irakurriko dute. Eta mamia ere baduenez, euren buruak jantzi eta inguruko naturak zelan funtzionatzen duen ikasiko dute.

Ilustrazioak Paul Caballero marrazkilariaren lana dira. Testuak, berriz, Argiñe Areitiok idatzi ditu, Iñaki Larretxi biologoaren aholkularitzaz. Liburu hau Adi Natura bildumaren baitan argitaratu da. Ume eta gazteei zuzendutako liburuak plazaratzen dira bilduma horretan. Orain arte hiru ipuin gehiago kaleratu ditu: Nork hil du trikua?, Narrasean eta Koloretako intsektuak.

Malen intsektuen munduan zertan den jakiteko, lagin bat utzi dugu lerroon azpian. Gozatu!