Hegaztiak ikusteko arorik ederrena, ate joka

PLANES CON NIÑOSHegaztiak ikusten Plaiaundi aldean (Txingudi, Irun). Argazkia: Sua Artxiboa. 

Lehengo astean joan ziren enarak Ibarrangeluko baserriko etartetik, beste leku askotatik bezala. Agur esan barik joan ziren, uda gurean eman ostean, Afrika helmuga. Agur esan gabe baina datorren urtean atzera etortzeko asmo irmoaz. Lehengo astean joan ziren, halaber, Urdaibaiko paduretako arrano arrantzale gazteak, Afrikarako haien lehenengo hegaldia egitera. Joan-etorrikoa izan dadila!

Enarak badoaz, uda hondarretan dagoen seinale. Udazkenean hegazti-saldo itzelak gehiago batuko dira, hala bortu eta harrateetan nola padura eta hezeguneetan, migrazioan doazela. Aro egokia da kostaldetik sartzen direnak ikusteko (Jaizkibel, Matxitxakoko itsasargi zaharreko behatoki zabaldu berria…), zein mendate altuetatik haien zain egoteko (Lindus, Organbidexka…). Sasoi polita da, halaber, itsasbazterreko paduretan babesten diren ehunka aleak zertan diren ikustera joateko (Urdaibai Bird Center, Txingudiko Plaiaundi, Aturriko eta Urdazuriko zingirak…). Eta, ezin ahaztu, barrualdeko hezeguneetan milaka hegazti batuko dira ikuskizun zoragarriak eskainiz, adibidez, Pitillas eta Vianako Las Cañas aintziretan, Salburuan (Ataria begiralekua), Guardiakoetan edo Urrrunaga zein Uribarri-Ganboako urtegietan.

Eta hegaztiak ikustera joanez gero, lagungarria izango zaigu Euskal Herriko hegaztien gidaliburu bikaina. Bertako testuei eta Calros Silvarren marrazki ikusgarrien bidez erraza izango da paraje eder horietako hegaztiak zeintzuk diren zehaztea.

Orhiko xoria, Orhin laket!

Orhiko txoriak

Argazkia: Txusma Perez de Azaceta

Abuztua igaro da eta aldean eraman ditu gure opor egunak. Bueltan gatoz, blog honetatik, facebooken eta twitterren laguntzaz, Euskal Herria elkarrekin ezagutzeko eta gozatzeko asmoz. Hemen gara, berriro, Orhiko txoriak Orhi duelako laket, maite. Txori mendizale horiek zaharrak izan daitezke, edo gazteak, are berriak ere, goiko argazkian aitaren eta amaren eskutik helduta gorantz ausart doazen ume bi horiek bezala. Taka-taka igotzen ari dira patar pikoan gora, Orhiko tontorra helburu. Gu ere haiekin goaz, Orhiko txoriak garelako. 

Aizkorri-Aratz mendiguneko mapa berria

PORTADA MP Aizkorri.indd

Euskal Herriko mendizaleek sarritan jotzen dute Aizkorri-Aratzeko natur parkeko eremura, bertan baitaude izen eta izan handiko natur paraje zoragarriak. Eremu hori 1:25.000 eskalan kartografiatu berri du Miguel Angulok eta Sua Edizioak-ek argitaratu: Mapa Pirenaico atalean kaleratu da, ‘Sierra de Aizkorri-Aratz’ izenarekin.

Mapa berriak azken urteotan inguru horretan egin diren aldaketa guztiak erantsi ditu, baita eremu zabal horretako ibilbide seinaleztatu guztiak islatu ere (GR, PR, lekuan lekuko bideak eta Donejakue bidea). Osagarri gisa, mapari atxikitako liburuxkan Gorka Lopez mendizale adituak hemeretzi txango eta igoera proposatu ditu, Aizkorri eta Aratz aldeko lekurik ezaugarrienak ezagutzeko. Ibilbide horietako trackak laster izango dira Sua Edizioak argitaletxeko web gunean eskuragarri.

Horrela, mendizaleak esku-eskura edukiko ditu Urkilla, Elgea, Aloña, Aizkorri eta Altzania aldeko mendietako lekurik ederrenak. Degurixako sarobeetatik Aitxuriako tontorreraino (1.551 m) eta Altzaniako pagadi sarrietatik Ozetako troka meharretara. Jakina, toki klasiko guztiak ahaztu gabe: Arantzazu, Urbiako landa, Araotz, Aizkorri, Lezea, Aratz eta beste asko.