Euskal Herriko mendizaleek sarritan jotzen dute Aizkorri-Aratzeko natur parkeko eremura, bertan baitaude izen eta izan handiko natur paraje zoragarriak. Eremu hori 1:25.000 eskalan kartografiatu berri du Miguel Angulok eta Sua Edizioak-ek argitaratu: Mapa Pirenaico atalean kaleratu da, ‘Sierra de Aizkorri-Aratz’ izenarekin.
Mapa berriak azken urteotan inguru horretan egin diren aldaketa guztiak erantsi ditu, baita eremu zabal horretako ibilbide seinaleztatu guztiak islatu ere (GR, PR, lekuan lekuko bideak eta Donejakue bidea). Osagarri gisa, mapari atxikitako liburuxkan Gorka Lopez mendizale adituak hemeretzi txango eta igoera proposatu ditu, Aizkorri eta Aratz aldeko lekurik ezaugarrienak ezagutzeko. Ibilbide horietako trackak laster izango dira Sua Edizioak argitaletxeko web gunean eskuragarri.
Horrela, mendizaleak esku-eskura edukiko ditu Urkilla, Elgea, Aloña, Aizkorri eta Altzania aldeko mendietako lekurik ederrenak. Degurixako sarobeetatik Aitxuriako tontorreraino (1.551 m) eta Altzaniako pagadi sarrietatik Ozetako troka meharretara. Jakina, toki klasiko guztiak ahaztu gabe: Arantzazu, Urbiako landa, Araotz, Aizkorri, Lezea, Aratz eta beste asko.