“Guía de los pueblos amurallados”, gure iraganaldiko harrien xarma

13 AMURALLADOStxiki

Euskal Herria Liburuak bildumak izenburu berritzaileaz ekin dio 2016ari. Izan ere, “Guía de los pueblos amurallados” (herri harresidunen gidaliburua) liburuak ez dauka kasik aurrekaririk gurean. Gidaliburu horretan harresia gorde duten 28 herri bildu eta deskribatu dituzte. Gainera, antzinako zerketako atalen bat zutik duten beste 30en baten berri ere eman dute, laburrago.

Euskal Herrian ez dago mundu mailan ospetsuak diren Dubrovnik, Carcassone edo Avilaren parekorik. Baina badira gurean herri harresidun asko, zein bere ezaugarriekin: hiriburu handiak (Iruñea), herrixka gotorrak (Salinillas de Buradón, Torralba del Río), erromatar aroko harresiak (Erriberri), Erdi Arokoak (Agurain, Artaxoa) edo Vauban ingeniari ospetsuak diseinatutakoak (Baiona).

Gidaliburu honetan harresi bakoitzaren historia eta bilakaera jaso dute, baita gertakizun garrantzitsuenen edo harrigarrienen berri eman ere. Beste atal batean, zerkaren gaur egungo egoera zertan den azaldu eta bisitatzeko ibilbidea proposatu du. Gainera, harresia planoan kokatu eta argazkiak erantsi dituzte. Azkenik, hiztegi labur bat ere atxiki diote liburuari, arkitektura militarraren berben esanahia azaltzeko.

“Guía de los pueblos amurallados” liburuaren bidez hedabideetan gutxitan azaltzen diren herri txiki zoragarriak aurkituko ditugu, ezagutzen ditugun beste batzuk bestela ikusiko ditugu, gure iraganaldiko pasarte kitzikagarriekin minberatuko gara eta gure ondarearen harribitxietan barrena gozatuko dugu, antzina gerla tokiak izan zirenak gaur egun, kasu batzuetan behintzat, elkarbizitzarako eta aisialdirako eremu gustagarri eta baketsuak bilakatu baitira.

Liburuaren egilea Hektor Ortega da, Sua argitaletxeko editorea. Bidaia gidaliburuak eta “Euskal Herria. Historia, paisaia, kultura” liburua idatzi ditu, besteak beste. Historia gaiez sarri jardun du, hala argitalpen dibulgatiboetan nola espezializatuetan.

“Los mejores recorridos para conocer los Pirineos”, ezinbesteko gidaliburua

MRecorridosPIRINEOScubiertaCMPLtxiki

Sua argitaletxeak Los mejores recorridos para conocer los Pirineos gidaliburua kaleratu berri du. Pirinioak maite dituztenen artean klasiko bihurtuko da, seguru. Argitaletxeak 60 txangorik onenak hautatu ditu eta liburuan bildu ditu, hala paseoak nola igoerak. Egilea eskarmentu handiko mendizalea eta idazlea da, Gorka Lopez gasteiztarra hain zuzen.

Txangoak zailtasun mailaren arabera antolatu ditu Suak, hasi errazenetatik eta buka hirumilakorik ezaugarrienekin. Gainera, liburuko orrialdeetan barrena mendian ibiltzeko oinarrizko eskuliburua aurkituko dugu. Horregatik guztiagatik, Pirinioetan hasteko gidaliburu bikaina ere bada liburu hau.

Gorka Lopezek eskutik hartuko gaitu eta lehenengo ibilbide errazak egingo ditugu Añiscloko haitzartetik, Gavarnieko zirkutik edo Bosc de la Selva oihanetik. Urratsez urrats txangoen zailtasuna handituko da eta amaitu mendirik garaienetan amaituko dugu: Aneto, Monte Perdido, Balaitús… Jakina, Euskal Herria ere ageri da liburuan, ezin bestela izan Pirinioak aipatzen hasita. Besteak beste, Iñarbegiko erreka, Sorogain, Hiru Erregeen Mahaia, Larrun, Orhi edo Iratiko oihana bisitatuko ditugu.

Ibilbidearen deskribapen zehatzaz gain, txango bakoitzak  mapa, kalitate handiko argazkiak, jakingarri teknikoak eta informazio osagarria dakartza. Gainera, arestian esan legez, liburuan barreiaturik daude mendian hasteko eskuliburuko atalak.

“Montañas de risa”, txango bete barre

MONTANASdRISA1

“Montañas de risa” izango da, inolako zalantzarik gabe, Suak urte akabuan argitaratu dituen nobedadeen artean harrigarriena. Umore grafikoa jorratzen duen liburua da, baina berezitasun ederraz jantzita datorkigu: islatzen dituen egoera komiko guztiak mendiarekin, abentura-kirolekin, kanpinarekin, familia txangoekin edo eskaladarekin lotuta daude.

Egoera horietako asko ezagunak egingo zaizkie aisialdian jarduera horietan aritzen direnei. Beste batuzk, ostera, zorokeriak dira, muturreraino eramanda. Batzuek eta besteek, seguru gaude, irribarrea marraztuko dute gure ezpainetan irakurri ahala.

Gidoiak bikainak izateaz gain, bineten kalitatea dira liburuaren ezaugarrietako bat. Egilea Norberto Fernandez Serrano dugu, benetako espezialista, hamaika komikiren egilea hala umore grafikoaren arloan nola komikigintza klasikoaren esparruan.