Kalean da “53 rutas por senderos PR de Bizkaia” liburuaren bigarren edizioa

Zazpi hilabete nahikoa izan dira “53 rutas por senderos PR de Bizkaia” liburuaren lehenengo edizioa agortzeko. Maiatzaren azken egunetan heldu zen liburu-dendetara PR bideetako gidaliburu eder hau eta dagoeneko klasiko bihurtzeko bidean dago. Egunotan jarri da salgai bigarren edizioa.

Ricardo Hernani mendizale ezagunak idatzi du liburua. Orotara 230 orrialde dauzka eta bertan Bizkaiko PR bide homologatu guztiak batu ditu. Harrigarria bada ere, horietako asko ez dira mendizaleek normalean aukeratzen dituzten inguruetakoak eta, izatekotan ere, natur eremu ezaugarrietako alderdi ezezagunetatik zabaltzen dira.

Liburu honetako ezaugarri nagusia aniztasuna da. Gustu guztiak ase uzteko moduko ibilbide sorta dakar: itsas ondoko lapatzak, zingirak eta talaiak, bertoko basoak, ibaiak eta ur-jauziak, ermitak eta baserriak, zubi eta galtzada zaharrak eta, jakina, tontor lerdenak. Askotan, paraje bakartiak izango dira; beti, ederrak.

“Montes de Gipuzkoa”, mendizaleen ezinbesteko bidelaguna

Oso harrera beroa eman diote mendizaleek “Guía de montes de Gipuzkoa” liburuaren seigarren edizioari (Sua Edizioak, 2020ko maiatza). Arrakastaren gakoa, duda barik, egileek egindako lanean dago. Txusma Perez Azacetak eta Iñaki Alcaldek Gipuzkoako 155 menditara igotzen diren 95 ibilbide bildu dituzte.

Gauza jakina da gida honek Euskal Herriko mendi katalogoko tontor guztiak jaso dituela. Ibilbide bakoitzak mendibidearen nondik norako guztiak eskaintzen ditu, argazki, mapa eta jakingarriekin lagunduta.

Lerroon azpiko estekan pdfa utzi dugu. Bertan aurkituko dituzue liburuko aurkibidea, non igoera guztiak banan-bana ageri diren, eta, opari, Aralar aldeko hiru igoera. Ondo ibili!

Euskal Herria liburuak, 2021eko uzta

Euskal Herria Liburuak bildumak prest dauka 2021ean argitaratuko dituen liburuen zerrenda. Lehenengoa laster helduko da, “Las mejores rutas en BTT”. Eta jarraian, bost liburu eder etorriko dira, Euskal Herria hobeto ezagutzen eta bertatik bertara gozatzen lagunduko digutenak.

Esan bezala, otsailean “Las mejores rutas en BTT” liburu ederra agertuko da. Ivan Ruiz Rotaechek atondu du eta gure herria bizikletaz ezagutzeko aukera polita emango digu.

Martxoaren amaieran “Parque natural de Urbasa y Andia” liburuaren txanda izango da. Kike Zinkunegiren eskutik Euskal Herriko naturgune zabal eta ederrenetako baten barrena ibiliko gara.

Ondoren eta urtea amaitu bitartean, lau liburu gehiago argitaratuko ditu Euskal Herria bildumak: “Ascensiones a castillos”, Esther Merinorena, “Ascensiones desde refugios y albergues de montaña”, Txusma Perez Azacetarena, “Productos del país”, Alberto Murok ondutakoa, eta “Excursiones por riberas de ríos”, Javi Pascual Otaloraren eskutik. Ikusten denez, mendia, kultura, gastronomia eta natura egoki nahastuta aurkeztuko dizkigu liburu sorta berri honek.

Liburu guztiekin edo gehienekin interesatuta daudenentzat, harpidetza egiteko aukera dago. Horrela, liburuak nabarmen merkeago jasoko dituzte. Harpidetza egiteko, sakatu hemen.