
Zazpi hilabete nahikoa izan dira “53 rutas por senderos PR de Bizkaia” liburuaren lehenengo edizioa agortzeko. Maiatzaren azken egunetan heldu zen liburu-dendetara PR bideetako gidaliburu eder hau eta dagoeneko klasiko bihurtzeko bidean dago. Egunotan jarri da salgai bigarren edizioa.
Ricardo Hernani mendizale ezagunak idatzi du liburua. Orotara 230 orrialde dauzka eta bertan Bizkaiko PR bide homologatu guztiak batu ditu. Harrigarria bada ere, horietako asko ez dira mendizaleek normalean aukeratzen dituzten inguruetakoak eta, izatekotan ere, natur eremu ezaugarrietako alderdi ezezagunetatik zabaltzen dira.
Liburu honetako ezaugarri nagusia aniztasuna da. Gustu guztiak ase uzteko moduko ibilbide sorta dakar: itsas ondoko lapatzak, zingirak eta talaiak, bertoko basoak, ibaiak eta ur-jauziak, ermitak eta baserriak, zubi eta galtzada zaharrak eta, jakina, tontor lerdenak. Askotan, paraje bakartiak izango dira; beti, ederrak.