“Rutas por el Pirineo Vasco”, gure mendi handiak ezagutzeko liburua

EH32_PIRI VASCO

Euskal Herriaren baitan Pirinieotako zati txiki bat besterik ez badago ere, hura da gure mendilerro nagusia, gure mendiak goi mailara iristen diren lekua. Jaizkibelen hasi eta Hiru Erregeen Mahaiaraino, zazpi paisaia eta kultur ondare joria aurkituko dugu etenik gabe. Geografia horretan barrena ibiltzera gonbidatzen gaitu Gorka Lopez mendizale adituaren “Rutas por el Pirineo Vasco” liburuak. Orotara 29 ibilbide osatu ditu bazterrok ezagutu, gozatu eta maita ditzagun.

Liburuak hiru atal nagusi dakartza, Pirinioetako euskal lurralde bakoitzarentzat bana. Lehenengo, itsas aldeko ibarrak, Baztan eta Baigorri alderaino zabaltzen direnak. Ondoren, erdialdeko haranak, Kintoa eta Iratiko oihan ospetsuen artean kokatuta daudenak alegia. Azkenik, ekialdeko ibarrak, Orhin hasi eta Hiru Erregeen Mahaiaraino iristen direnak, goi mailako mendiak. Horiez gain, liburuko hiru proposamen Pirinioz hegoalderago dauden hiru menditara igotzen dira.

Gure liburuetan ohi den bezala, ibilbide bakoitzak deskripaben zehatza, mapa indikatiboa, jakingarri praktikoak eta argazkiak dakartza. Horiez gain, igoerari lotutako gai bat jorratzen da, labur. Xoldoko Gainatik Auñamendira, anitz dira liburuko aurkibidean ageri diren mendi handiak: Bianditz, Alkaxuri, Iparla, Adartza, Orhi, Keleta, Kartxela, Lakhura… Zeharkaldiak ere badira, Izaba eta Linzaren artekoa esate baterako, edo Orreagatik Orbaizetako Olara doana.

Egilea, Gorka Lopez, mendizalea, idazlea eta argazkilaria da. Baina, horrez gain, goitik behera ezagutzen ditu Pirinioak. Zazpi artikulu, liburu, bidaia gidaliburu eta mapa argitaratu ditu gure mendilerro nagusiaren gainean.

This slideshow requires JavaScript.

“Pueblos de Navarra con encanto”, Nafarroaren xarma

eh31_navarrapueblos

Xarma norberak sentitu behar du. Ez da unibertsala. Euskal Herria Liburuak bildumako ale berrirako –“Pueblos de Navarra con encanto”– herri ederren zerrenda egiterakoan baieztatu dugu. Hasieran, herri sorta handia atera zaigu, mota guztietako aleekin, hala lurraldez nola ezaugarriz. Denetarikoa, Nafarroa ere horrelakoa baita. Nafarroa, arragoa, idatzi eta kantatu zuen Xabier Letek, gogoan zituela, besteak beste, mortuak eta oihanak, mendi garaiak eta behealdeko ordokiak.

Liburuak mugatuta daudenez gero, guk 34 herri aukeratu ditugu. Baina, horien artean ere, denetarik dago. Ebro ibaia hurbiletik begiratzen dioten herriak eta Pirinioetako ibarretakoak, Urumea edo Leitzarango ibar lanbrotsuetan altxatzen direnak eta Aragoa ibaiaren ibilkera sosegatua zelatatzen dutenak. Xarma handikoak, Otsagabia edo Zugarramurdi kasu, betiko klasikoak (Izaba, Erriberri, Elizondo…), eta ale ttipi eta ezezagunak, Galipentzu, Torralba edo Arantza bezalakoak.

Horiek oro, xehetasun handiz deskribatuta datoz, argazki ederrez hornituta, aldean jakingarriak eta ibilbide proposamena dakartzatela. Herri berdeak, herri horiak eta herri zuriak. Guztiak, eder. Guztiak, gure esku.

This slideshow requires JavaScript.

“Valles escondidos”, Euskal Herriko ibar eder bakartiak

EH30_Valles

Hau ez da Euskal Herriko bazter ezezagunen hautapena, ezezagunik ez dagoelako gurean. Hala ere, badira bailarak, ibarrak, herriak, gutako gehienon begientzat ikusezin gertatzen direnak, gure etxetik kilometro gutxitara egon arren. Gure bizitzetako bideak ez dira inoiz handik igarotzen. Ibar ahaztuak dira, guretzat ostendurik gelditu direnak alegia, Euskal Herria Liburuak bildumako ale berriko (“Excursiones a valles escondidos”) protagonistak.

Alberto Muro argazkilari, kazetari eta gidariak hamabost haranetara hurbildu da, goitik behera ibili eta argazkitan jaso ditu. Ohiko ibilbideetatik kanpoko ibarrak dira, bazterreko baina eder. Izan ere, nork esango digu Boveda, Gaubea ibarreko mendebaldeko herri bakartia ez dela ederra bere horretan, mendiz, basoz eta galsoroz inguratuta? Zenbat bilbotar joan da inoiz Zeberiora, Bizkaiko hiriburutik 12 kilometrora dagoen 50 km2ko ibar horretara? Nor egon da inoiz Aritzakunen, Baztan ibarreko zokondo ahaztuan? Nork daki Montori mapan egoki paratzen?

Euskal Herrian barrena sakabanatuta daude ibarrok, nork bere paisaiarekin, zein baino zein ederrago. Horra hor, esate baterako, Galdameseko meatze zaharren orbanak, edo Arana ibar bakartiko bazter miragarriak. Horra hor, Pirinioetako mendi altuz hesitutako Zilbeti eta Markiz eta Arluzea kontzejuen artean zabaltzen den Molino errekaren harana, Kapildui mendiaren abaroan.

Orotara, 15 ibar eta 30en bat proposamen gure geografiako bazter eder eta bakartietan barrena ibiltzeko.