Xarma norberak sentitu behar du. Ez da unibertsala. Euskal Herria Liburuak bildumako ale berrirako –“Pueblos de Navarra con encanto”– herri ederren zerrenda egiterakoan baieztatu dugu. Hasieran, herri sorta handia atera zaigu, mota guztietako aleekin, hala lurraldez nola ezaugarriz. Denetarikoa, Nafarroa ere horrelakoa baita. Nafarroa, arragoa, idatzi eta kantatu zuen Xabier Letek, gogoan zituela, besteak beste, mortuak eta oihanak, mendi garaiak eta behealdeko ordokiak.
Liburuak mugatuta daudenez gero, guk 34 herri aukeratu ditugu. Baina, horien artean ere, denetarik dago. Ebro ibaia hurbiletik begiratzen dioten herriak eta Pirinioetako ibarretakoak, Urumea edo Leitzarango ibar lanbrotsuetan altxatzen direnak eta Aragoa ibaiaren ibilkera sosegatua zelatatzen dutenak. Xarma handikoak, Otsagabia edo Zugarramurdi kasu, betiko klasikoak (Izaba, Erriberri, Elizondo…), eta ale ttipi eta ezezagunak, Galipentzu, Torralba edo Arantza bezalakoak.
Horiek oro, xehetasun handiz deskribatuta datoz, argazki ederrez hornituta, aldean jakingarriak eta ibilbide proposamena dakartzatela. Herri berdeak, herri horiak eta herri zuriak. Guztiak, eder. Guztiak, gure esku.