Hau ez da Euskal Herriko bazter ezezagunen hautapena, ezezagunik ez dagoelako gurean. Hala ere, badira bailarak, ibarrak, herriak, gutako gehienon begientzat ikusezin gertatzen direnak, gure etxetik kilometro gutxitara egon arren. Gure bizitzetako bideak ez dira inoiz handik igarotzen. Ibar ahaztuak dira, guretzat ostendurik gelditu direnak alegia, Euskal Herria Liburuak bildumako ale berriko (“Excursiones a valles escondidos”) protagonistak.
Alberto Muro argazkilari, kazetari eta gidariak hamabost haranetara hurbildu da, goitik behera ibili eta argazkitan jaso ditu. Ohiko ibilbideetatik kanpoko ibarrak dira, bazterreko baina eder. Izan ere, nork esango digu Boveda, Gaubea ibarreko mendebaldeko herri bakartia ez dela ederra bere horretan, mendiz, basoz eta galsoroz inguratuta? Zenbat bilbotar joan da inoiz Zeberiora, Bizkaiko hiriburutik 12 kilometrora dagoen 50 km2ko ibar horretara? Nor egon da inoiz Aritzakunen, Baztan ibarreko zokondo ahaztuan? Nork daki Montori mapan egoki paratzen?
Euskal Herrian barrena sakabanatuta daude ibarrok, nork bere paisaiarekin, zein baino zein ederrago. Horra hor, esate baterako, Galdameseko meatze zaharren orbanak, edo Arana ibar bakartiko bazter miragarriak. Horra hor, Pirinioetako mendi altuz hesitutako Zilbeti eta Markiz eta Arluzea kontzejuen artean zabaltzen den Molino errekaren harana, Kapildui mendiaren abaroan.
Orotara, 15 ibar eta 30en bat proposamen gure geografiako bazter eder eta bakartietan barrena ibiltzeko.