Armañongo parke naturala begietatik sartuko zaigu

Liburuko azal ikusgarritik bertatik, Parque natural de Armañón y Karrantzak lau haizetara zabaltzen du ederra dela, hala azalez nola mamiz. Peña del Moro haitzaren abaroan hazten den oihan sarriaren gaineko argazki zoragarriak Euskal Herriaren mendebaldeko muturrera joateko gonbitea dakarkigu, hango altxor naturalak bertatik bertara ikusteko. Ezetz ezetz esan!

Esan legez, ederra kanpotik, ederragoa barrutik. Izan ere, liburuko orrialdeetan Juan Carlos Muñoz handiaren argazki bikainak aurkituko ditugu, baita Mar Ramirez kazetari adituak aukeratu dituen ibilbide erakargarriak ere. Dozena bat proposamenek Armañongo parke naturalaren eta inguruko eremuen berri emango digute. Horien bidez, lekuan lekuko altxorrak ezagutzeko parada izango dugu: Pozalagua, Raneroko haitza, Sopeñako artadia, Los Jorrioseko tontor zuria… Beste horrenbeste ibilbidek, berriz, Karrantzako eremu natural garrantzitsuenetan murgilduko gaitu: Zalama mendia, Ordunteko ipar isurialdeko magalak, Mesadako mendiak, Ribacobako zutarriak…

Liburua ikusi nahi duenak lerroon azpiko estekan pdf bat utzi dugu. Bertan daude liburuko aurkibidea, sarrera eta orrialde batzuk. Ondo ibili!

Harrera gozoa “Cañadas y senderos de pastores” liburuari

Liburu desberdina da Cañadas y senderos de pastores. Mendietara igotzera eta tontorrera heltzera animatzen gaitu, baina ez edonondik: mendeetan zehar abeltzainek aziendak udako larreetara eramateko erabili dituzten bideak aukeratu ditu. Gainera, artzain-jarduera eta kultura gaur egun zertan diren jakiteko aukera eskaini digu. Abelbide horietan gora, inguruko paisaia modelatu dutenekin batera ibiliko gara gailurrerantz.

Mendizaleek harrera gozoa egin diote liburuari, eta hedabide batzuek arin eman dute liburuaren berri. Esate baterako, BasqueMagazinek edo Goierriko Hitzak. Azken horretan elkarrizketa egin diete egileei, Sara Carte Moriones eta Txusma Perez Azacetari alegia.

Liburuaren edukiaz gehiago jakiteko, lerroon azpian Cañadas y senderos de pastores liburuko aurkibidea eta orrialde batzuk utzi ditugu, erakusgarri. Ondo ibili!

Aiako Harria parke naturala eta Jaizkibel, guztion eskura

Zer esana ematen ari da Aiako Harria parke naturala eta Jaizkibel liburu berriak. Batetik, lehenengoz Euskal Herria bilduman euskaraz ere kaleratu delako. Are gehiago, jatorrizkoa euskarazko bertsioa da. Bestetik, gidaliburu bikain eta erakargarria delako, ezinbesteko laguna parke naturaleko eta Jaizkibelgo zokondorik ederrenak bertatik bertara ikusteko.

Orotara, Mikel Arrizabalagak ondu duen liburuan 26 ibilbide aurkituko ditugu, 15 Aiako Harria parke naturalaren baitan edo inguruetan, eta gainerakoak Jaizkibel aldekoak. Gutxi batzuk zeharkaldiak edo igoera maldatsuak dira. Gehienak, berriz, goizpasa polita egiteko moduko plan ederrak. Denak, seguru, asebeteko gaituzten mendi-irteera zoragarriak.

Tontorrak, oihanak, ur-jauziak, ibar esekiak, labarrak, zelaiak, errekak, urtegiak, isilpeko bidezidorrak, meatzeak eta milaka kontu zahar eta berria izango ditugu bidaide. Nahi baduzu gehiago jakin, sakatu lerro hauen azpiko lotura. Bertan daude liburuko lehenengo orrialdeak, aurkibidea barne. Ondo ibili!