“Paseos por lagos, embalses y humedales”, leku paregabeetara joateko gonbitea

EH25_LAGUNAS_cubierta.indd

Euskal Herria Liburuak bildumak indartsu ekin dio urte berriari. Lehenengo izenburuak, “Paseos por lagos, embalses y humedales” liburuak alegia, leku zoragarri eta, askotan, bakartietara joateko gonbitea dakarkigu. Josean Gil-García Argote mendizale adituaren eskutik ura protagonista den natur eremu ahaztezinak bisitatuko ditugu.

Liburuak hiru ataletan sailkatu ditu proposamenak, iraupenaren eta desnibelaren arabera: paseoak (laburrak eta errazak), ibilbideak (zailagoak baina eragozpen handirik gabekoak) eta txangoak (bi eta lau ordu arteko zirkuitu biribilak). Atal bakoitzean hamabina proposamen dakar liburuak, Euskal Herrian zehar barreiatutakoak, Enkarterritik nafar Erriberaraino eta Aturritik Ebroraino.

Ibilbide guztiek ura daukate ardatz. Hezeguneak dira, hala naturalak (lakuak, zohikaztegiak, padurak…) nola jendeak eratutakoak (urtegiak, urmaelak…), batzuetan ondo ezagunak, beste batzuetan bakartiak. Guzti-guztiak liburu honetan ageri dira, deskribapen xeheekin, ibilbide zehatzekin, jakingarri, argazki eta mapekin ongi hornituta.

Josean Gil-García Argote ibilbide luzeko mendizale eta komunikatzailea da, herria goitik behera ibilitakoa. Sua Edizioak argitaletxearekin liburu gehiago plazaratuta dago, hala nola “Montes desde Gasteiz”, “Montes de Araba” edo Cuadernos Pirenaicos bildumako Valderejoko liburu eta mapa.

 

This slideshow requires JavaScript.

Ekialdeko Pirinioetako lakuak, urak zeruetatik dingilizka

portadaLAGOS.inddMendira igotzeak ahalegina eskatzen du beti, baina hamaika ordain gozo ematen du trukean: bidea, lagun artea eta, gehienetan, esker oneko gailurra. Askotan ikuspegiak izaten dira tontorrak gorde duen saria, baina batzuetan sorgindutako parajeak aurkituko ditugu. Esate baterako, ur ilunetako lakuak haitz harroen artean barreiaturik, zipriztinak balira bezala, inguruan, zelatari, izei bakanak dituztela.

Horietakoak anitz daude Kataluniako Pirinioetan. Goi mendi eremu batzuetan harrigarria da aintzira kopurua. Sua Edizioak argitaletxeak ‘Las mejores ascensiones a los lagos más bellos del Pirineo Oriental’ kaleratu berri du. Yvette Delgado Pererak idatzi du. Hogeita bat ibilbide marraztu ditu goi mendietako 70 laku sorgindu mirestera joateko.

Aukera polita da Katalunia bisitatzeko eta bertako mendi lakurik ederrenak bertatik bertara ikusteko. Horietako batzuek andanaka hartzen dituzte bisitariak, hain dira ezagunak. Beste batzuk, ostera, bakartiak dira, baina lehenengoak bezain liluragarriak.